EAJk bosgarren edukiontziaren aldeko apustua egin du. “Azken hilabeteotan zumaiarrek erakutsi dute birziklatzeko borondatea dutela; emaitzak ikusi besterik ez dago. Bide horrek gehiago eman dezakeela sinesten dugu”.
Atez ateko sistemaren aurka zaudete. Zergatik?
Iruditzen zaigu oso zikina dela, deserosoa, oso garestia, inposaketa baten ondorioa da. Sistema askoz garestiagoa da eta herritarrak ez du inolako onurarik jasotzen. Alderantziz, behartuta dago egun eta ordu jakin batzuk betetzera. Gainera, gaur egungo sisteman sinesten dugu.
Baina Usurbilgo Udalak eman dituen datuen arabera, atez atek emaitza hobeak lortzen ditu eta merkeagoa da.
Interpretazioak daude hor ere. Guk zalantza handiak dauzkagu. Usurbilen zaborra desagertu egin da.
Hori baieztatzeko daturik ba al dago?
Usurbildar bakoitzak urtean zenbat zabor kilo sortzen duen alderatzen badugu inguruko beste herrietako datuekin, nabarmen gutxiago da. Agian usurbildarrak oso kontzientziatuta daude… Guk uste dugu Usurbilgo zaborra beste herrietara doala. Datu horietan ez dugu gehiegi sinesten.
Zuek ez duzue sinesten %80 biltzen denik atez aterekin?
Zaborra desagertu egiten da, hori ukaezina da. Inguruko herrietara eramaten da, gehienetan ordutegiekin arazoak daudelako. Antzuolan ere zaborra desagertu da.
Europak dio birziklagarria den guztia birziklatu egin behar dela. Hori da helburua. Bosgarren edukiontziarekin iritsi daiteke horretara?
Borondatea baldin badago, eta lan asko eginda, bai. Gu esperientzia bat ari gara egiten etxe batean, eta %85era iritsi gara.
Baina gelditzen da herritarren borondatearen esku. Borondatearen bidetik posible al da Europak eskatzen duena betetzea?
Ados gaude herritarrei esfortzua eskatu behar zaiela, baina beste modu batera. Proba dezagun. Guk bost urterako planteatzen dugu. 2016rako %60 lortzea, Aldundiak esan duen bidetik. Ahalik eta gehien birziklatzearen alde gaude, baina ez gaude moduekin ados.
Epe eta helburu batzuk adostuko balira eta emaitza ez balitz esperotakoa, orduan zuek prest zeundekete beste sistema bat ezartzeko?
Jendeari erakutsi egin behar zaio, kontzientziatu, eta ondoren zigortu. Baina lan handia egin behar da aurretik. Nabarmena da tabernek eta dendek nola botatzen dituzten gauzak. Kontrol lana egin beharko da, ez dakit udaltzainen partetik edo noren partetik. Lan handia dago kontzientziatzeko.
Baina helburua ez bada lortzen?
Beste sistema bat jarri beharko da. Guk eskatu dugu hondakinen mahaian eta udaletxean mahai gainean dauden sistema ezberdinak aztertzea. Aztertu atez atekoa, zero zaborrena eta gaur egungoa hobetuta, eta hiruren artean erabakiko dugu. Baina gobernua bakarrik atez atekoarekin dago. Guk uste dugu atez ateko sistema inposatuko dutela. Agian dirua izan daiteke arazoa, baina bestela jarriko dutela uste dugu.
Zumaian bosgarren edukiontzia daukagu, jende gehien gehiena birziklatzearen alde dago… Orduan zergatik ez dira lortzen lortu beharko liratekeen emaitzak?
Egia da ez bagaituzte behartzen askotan ez dugula egiten. Semaforoa gorrian pasatzeagatik ez badaukagu zigorraren arriskua, orduan bat baino gehiago gelditu ere ez. Hori hala da, zoritxarrez. Baina batetik bestera badago bidea egiteko.
Zer iritzi daukazue errauskailuaz?
Urtetako zabortegia 2014an itxi behar da, eta gero eta gehiago eramaten dugu. Ez dago planik. Errefusari irtenbidea eman behar zaio eta ez dago irtenbiderik.
Errauskailuak gaitasuna du 240.000 tona erretzeko eta Gipuzkoak 209.000 sortzen ditu. Ez al da handiegia errefusari aurre egiteko?
Izan daiteke. Proiektua aztertu daiteke.Gure alderdia prest dago hori negoziatzeko.
Berez erantzun teknikoak behar dituen arazoa ez al da gehiegi politizatu?
Gaia politizatuta dagoela esaten da. Gure kasuan, badakigu nork politizatu duen. Iazko otsailaren 23an prentsa bidez jakinarazi zuten atez atekoa ezarriko zela, eta hurrengo egunean alkateak berretsi zuen plenoan. Zumaian gaia inoiz aztertu gabe. Erabaki hori nonbaitetik etorri zen. Inposaketa horrela etorri da. Bi postura daude, aurrez aurre. Asko hitz egiten dute birziklatzeaz, baina benetan sinesten al dute? Ez dakit gaur egun zer eraikin publikotan egiten den gaikako bilketa. Urrian Algorri zentroan ez zegoen ezer; otsailean gaude eta berdin jarraitzen du. Udaletxean egiten al da? Ludotekan? Ikastetxeetan? Benetan sinesten al da? Eta festetan ikusiko dugu…