Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurtengo udal aurrekontua onartu zuten atzo plenoan; Bildukoen eta Hamaikabatekoaren aldeko botoekin eta EAJkoen abstentzioarekin. Azpeitiko Udalaren 2013rako udal aurrekontu orokorra 18.369.394 eurokoa da, eta udalaren aurrekontu propioa 16.304.180 eurokoa. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak (Bildu) nabarmendu duenez, udalak aurreneko aldiz sustapen ekonomikorako 700.000 euro aurreikusi ditu. "Diru hori gero nola banatzen dugun eta zertan erabili denon artean erabaki beharko dugu", azaldu du alkateak. Bost irizpide kontutan hartuta osatu ditu udalak aurtengo aurrekontuak: ekonomia suspertzeko plana, udal baliabideen optimizazioa, gizarte politikak indartzea, auzoetako beharrei erantzuteko inbertsioak eta ingurumen kalitatea hobetu eta iraunkortasuna sustatzeko politika berriak egitea.
Aurrez aurrekontu proiektua azalduta zutela eta "gardenatsunez" azalduta dagoela uste du alkateak. Prozesuaren inguruan beste alderdikideek ez dute aitzakia handirik jarri, aurten aurrekontuak egiteko prozesua iazkoa baino hobea izan dela esan baitute. "Nahiz eta prozesua denon aldetik ondo joan, beti dago zer hobetu. Hasiera-hasieratik bost irizpide nagusi jarri genituen mahai gainean, hoiek adostu eta horren gainean osatu ditugu aurrekontuak. Uste dugu, sektore publikoak arriskatu beharra daukala". Aurrerantzean ere, kudeaketa moduaz eztabaidatu eta adostasunera iristeko aukerak izango dituztela nabarmendu du alkateak.
Aitor Gorrotxategi zinegotziak (EAJ) azaldu duenez, aurtengo prozesua "nahiko txukuna" izan da. Iazkoarekin alderatuta, aurtengo lan ildoa desberdina izan delako, "behetik gora hasi gara eta nahiz eta oraindik hobetzeko asko egon, aurrerapausoak ikusi ditugu Ogasun Batzordeko eztabaidan". Aurrekontuaren ildo estrategikoak ekonomia eta enpleguaren sustapena, etorkizunerako plan estrategikoa eta udal barneko giza baliabideen optimizazioa izanarekin bat datoz jeltzaleak. "Ildo hoiekin bat egiten du gure alderdiak, baina garbi diogu, ildo horietako erabakiak gurekin kontatu edo eztabaidatu gabe erabakitzen badira aurrean izango gaituzuela", esan du Gorrotxategik. Planteamendua ona izan arren, lanketa handia eskatzen duela nabarmendu dute. Jeltzaleen ustez oraindik egiteko asko dago, eta hainbat kontu "oraintxe" aztertzen hasi izana kritikatu dute. Aurrekontuaren hainbat atal aurreko aurrekontuetatik datozelako hausnarketa bat eskatzen dutela uste du EAJk, "hala nola, Ikasberri eta Iraurgiko hitzarmenak, Kultur Mahaiko teknikaria, Uema, gazteriako zerbitzuak... Guk ez dugu esaten kendu egin behar direnik, baina bai hausnarketa bat eskatzen dutela". Udalak aurrekontuak urtea bukatzerako onartu beharko lituzkeela azaldu dute EAJkoek. Horrez gain, iaz udalak ordu estrak ordaintzen zenbat gastatu zuen galdetu dute eta baita ere Denon Artean prozesuaren parte hartzea herritar guztien zenbatekoa den ere. EAJkoak abstenitu egin dira udal aurrekontuak onartzeko orduan, "herriak aurrekontuak izatea merezi duelako guk ez ditu oztopatuko". Iazko ezezkotik abstentziora pasatu izanak bilakaera positiboa adierazten duela ere esan du Gorrotxategik.
Hamaikabateko Aitor Aranguren zinegotziak ere iazko udal aurrekontuari ezezkoa eman zion, baina aurtengoa onartu egin du. "Aurtengo udal aurrekontuak onartzeko prozesuak iazkoarekin ez du zerikusirik izan. Aurten prozesuak izan duen irekitasuna eskertzen dut. Hala ere, nire gusturako zenbakiei buelta gehiegi eman dizkiegu", esan du. Aurtengo udal aurrekontuak osatzeko Bilduk aurkeztutako bost irizpide nagusiekin Hamaikabatek bat egiten duela azaldu du. Arangurenek, aurrekontuekin lotuta hainbat proposamen edota ekarpen ere egin du, hala nola, Azpeitia 2025 Plan Estrategikoa datozen bi urteotako aurrekontuekin lotzeko konpromisoa eskatu du, baita udalaren gain dauden erakundeen efizientzia eta optimizaziorako berrantolaketa lantzea ere. Gizarte politikak indartzearekin ere bat etorri da Hamaikabateko ordezkaria, "gizarte oreka mantentzeko eta zailtasun handienak dituztenei laguntzeko oinarrizko zutabea baita". Ekonomia suspertzeko, berriz, "apostu estrategiko sendoa" egin behar luke udalak. Hamaikabatek Azpeitia aurrera ateratzeko lanean segituko duela ere azaldu du Arangurenek.
AZPEITIKO UDALAREN 2013KO AURREKONTUA:Azpeitiko Udalaren 2013ko aurrekontu orokorra: 18.369.394 euro. (2012an, 17.715.250 euro)
Udalaren aurrekontu propioa: 16.304.180 euro (2012an: 16.563.950)
Euskara Patronatua: 602.627 euro (2012an: 585.929 euro)
Udal Kirol Patronatua: 1.094.266 euro (2012an: 1.107.126 euro)
Azpeitia Lantzen SA: 368.321 euro (2012an: 388.000 euro)
UDALEKO 2013ko AURREKONTUA SAILEZ SAIL:
Ogasuna eta kontuak: 1.046.532
Hirigintza eta ingurumena: 1.433.800
Hezkuntza eta euskara: 836.821
Kultura eta gazteria: 770.800
Kirolak: 1.080.916
Gizartekintza: 1.123.120
Langileria eta antolakuntza: 5.260.986
Festak: 498.000
Zerbitzu orokorrak: 3.094.050
Alkatetza: 241.000
Industria, merkataritza eta turismoa: 536.654
Parekidetasuna: 96.500
Baserriak: 285.000