Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azpeitiko Udal gobernuak azaldu duenez, Corrugados Azpeitiako langileengandik jasotako albistea, "kolpe gogorra da Azpeitiarentzat". Udalak, bertako langileei "bereziki" eta itxieraren ondorioak jasango dituzten herrikide guztiei "elkartasuna eta babesa" adierazi die. Gallardo Taldeko buruei "arduraz" jokatzeko eskatu die udal gobernuak, ixteko "erabaki okerra" berehala zuzendu eta lanpostuen aldeko apostua egiteko exigitu dio Gallardo Taldeari. "Galera ez baita ekonomikoa bakarrik izango. Galera soziala ere izango da: itxierak, jendearen bizimoduan, herritarren animoan eta herri osoaren ongizatean eragingo baitu".
Azpeitiko Udala behar den guztian laguntzeko prest azaldu da. "Lehen ere, korapilatuegia zegoen egoera konpontzen laguntzen aritu gara. Eta aurrerantzean ere, Udalak dituen baliabide eta eskumenak kontutan hartuta, aukera txikienik balego, horretan saiatuko gara. Udaleko ateak zabalik daude behar duten herritar guztientzat", esan du.
Udal gobernuak dioenez, "une zaila" bizi da Azpeitian. "Bertako industriak, eraikuntzako sektorearekin lotura duena batik bat, are larriagoa bilakatzen du egoera. Horregatik, gure industriak behar duen aldaketa estrukturala gauzatzeko, beste instituzio, eragile ekonomiko eta sozialei inplika daitezen eskatu nahi diegu", adierazi du.