179 lagunek erabili dute aurtengo denboraldian Zarauzko Neguetxea, iaz baino 78 pertsona gehiagok. Iaz zabaldu zuten, azaroaren 12an, eta pasa den igandera arte mantendu zuten irekita. Otsaila eta martxoa izan dira okupazio altueneko hilabeteak, eta egunero batazbeste 10-12 lagunek hartu dute ostatu bertan. Ildo horretatik, aurtengo denboraldiaren balorazio positiboa egin dute. Bide horretan, eskaintza zabaltzeko asmoa erakutsi du Zarauzko Udalak: batetik, urte osora zabaltzea aztertuko dute eta bestetik, baliabide gehiago eskaintzea.
Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta, eta Caritas eta Gurutze Gorria elkarteek bultzatuta, etxerik ez dutenentzat udazkenean zerbitzua martxan jartzea erabaki zuen Zarauzko Udalak bigarren urtez. «Krisi egoeran gaude, jende asko eta asko une zailak ari da bizitzen. Enpresak ixten ari dira, jendea langabeziandago, eta familiek zailtasun handiak dituzte aurrera ateratzeko. Egoera larria da, oso. Geroz eta ohikoagoa da, batez ere duela urte batzuetatik, jendea etxerik gabe kalean ikustea»,nabarmendu du Ongizate zinegotzi Ane Eizmendik. Hori dela eta, neguko hilabete hotzetan etxegabeei aterpea ematea erabaki zuen udalak. Aurten, gainera, zerbitzu osatuagoa eskaini dute: emakumeentzako espazio berezitua sortu dute, beste solairu batean. Era berean, lo egin, dutxatu eta arropa garbitzeko lekua, eta afaria eta gosaria eskaintzeaz gain, aurten bazkaltzen ere eman diete erabiltzaileek, Zurekin Zarauzko Ostalari Elkartearen laguntzerakin. Guztira, 90 boluntariok hartu dute parte proiektuan. Caritaseko ordezkari Txus Manterolak eskerrak eman dizkie horiei, "haiek gabe ezinezkoa litzatekeelako proiektuak bizirautea".
Urte osora zabaldu
Gipuzkoako Foru Aldundiko aterpetxeen arduradun Jokin Melidak datorren urtean proiektuarekin jarraitzeko asmo garbia azaldu du: "Garai latzak dira . Hori dela eta, baliabide publikoei efizientzia handiena atera behar diegu. Horretarako beharrezkoa da administrazioen arteko elkarlana". Dagoeneko Batzar Nagusitan egin dute Zarauzko Neguetxea urte osora zabaltzeko proposamena. Egitasmoa hori lantzen ari direla jakinarazi du Melidak; izan ere, Zarauzko Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gizarte Politiken artean negoziatu beharra dago.