Langileek Corrugados Azpeitia bideragarria dela eta ez ixteko eskatu dute

Nerea Uranga 2013ko martxoaren 22a

Corrugados Azpeitiako langileak gaur plantaren aurrean. (Julene Frantzesena/ Uztarria) Corrugados Azpeitiako langileen arabera, Azpeitiko plantako zuzendaritzako 14 kidek Gallardo Taldeari euren kontratuak eteteko eskatu diote, urteko 45 eguneko kalte ordaina jasotzeko Gallardo Taldearen kontrako demanda sartuta. Horrek bultzarazi du Gallardo Azpeitiko enpresa ixteko erabakia hartzera. ELA eta LABeko enpresa batzordekoek gaur jakinarazi dutenez prentsaurrekoan. Herenegun, Gallardo Taldea Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordearekin bildu zen, eta enpresa itxi egingo duela azaldu zien langileei. Enpresaren abokatuak ahoz eman die erabakiaren berri eta dokumentazioa Aste Santuaren ondoren helaraziko diela azaldu diete langileei. Enpresa batzordekoen arabera, erabakia "ez da berria". Esan dutenez, aurrez langileen ordezkariek hainbat alditan azaldu dute hau gertatzeko arriskua zegoela. Gallardo Taldearen erabakia ez dute onartzen, uste dutelako Azpeitiko plantak merkatuan tokia duela. "Gallardok 300.000 tona bermatzen ditu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako gestioei esker beste 150.000 tona ekoizteko aukera sortu da. Uste dugu, 450.000 tona nahiko lan karga badela ixteko erabakia atzera botatzeko. Norabidea enpresa ez ixtea da". Corrugados Azpeitiak gaur egun zuzeneko 300 lanpostu ditu eta zeharkako ehun inguru. Lantegia "Azpeitiko herriarentzat eta datozen belaunaldientzat" beharrezkoa dela azpimarratu dute. Azpeitiko planta ixteko erabakiaren atzean Getafeko lantegiaren aldeko hautua dagoela ere aipatu dute langileen ordezkariek, "Espainiaren aldeko hautua egin dute".  Hori dela eta, Azpeitiko herriari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, langileekin batera "ixteko erabakiari aurre egiteko" eskatu diete. "Corrugados Azpeitiak bizi behar du, Gallardo Taldearen barruan edo kanpoan. Merkatu nahikoa dugu erabakia aldatzeko eta enpresak aurrera egiteko", esan dute. Dagoeneko erakunde publikoetako ordezkariekin biltzeko lanean hasi direla azaldu dute langileen ordezkariek. Oraingo honetan ere enpresak langileekin "fede txarrez" jokatu duela esan dute langileek. "Enpresa tesoreria aldetik isolatuta zegoen eta taldeak produkzioa Azpeititik kanpo nahi zuen. Bitartean enpresa akordio sozialaren negoziazioa luzatzen aritu da, lantegian pilatuta zegoen txatarra ekoiztu eta hemendik ateratzeko". Bi aldeen arteko negoziazioan, bien proposamenen artean hurbilketa emanda zegoela azaldu dute langileek. Enpresak langileei azaldu dienez, Azpeitiko zuzendaritza taldekoek kalte ordain altuak eskatu dituzte, Gallardo Taldearen aurka demanda sartuta. "Gallardok esan digu Azpeitian ez dutela konfiantzazko zuzendaritzarik. Azpeitiko zuzendaritzak esplikazio bat zor digu langileoi, baina ezkutatuta dabiltza", azaldu dute Enpresa Batzordearen izenean, LABeko Esteban Kanpos eta ELAko Imanol Arrojeriak. Kontuak kontu, langileek mobilizatzen jarraituko dutela aurreratu du LABeko ordezkariak. Itxiera EREa negoziatu behar da oraindik, eta zuzendaritza esplikazioak ematera ere behartu nahi dute. "Mobilizatu garela irabazi ditugu lehen ere bi sententzia", esan dute. Datorren astean langileen asanblada egingo dute eta han erabakiko dituzte mobilizazioak. Urola Kostako Hitza Gallardo Taldearen ordezkariekin hitz egiten saiatu da, baina momentuz ezer ez dutela esateko adierazi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide