(Argazkia: Itsasi)
Itsasi dantza taldeak dantza ikuskizun berria taularatuko du igandean, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean.
Arteka marteka du izenburua lan berriak. Hamahiru dantzarik hartuko dute parte saioan, eta hamabi dantza egingo dituzte oholtza gainean, ordubete inguruz.
Urtero Azpeitia Dantzan-erako, uztailerako, prestatu ohi du ikuskizun berri bat Itsasik.
Baina iaz taldearen 35. urteurrenerako prestatutako dantza batzuk berreskuratu, beste batzuk gehitu, eta formatu txikiko ikuskizuna muntatu dute orain, uztailaren zain egon gabe. «35. urteurrenerako prestatutako dantza batzuk berriro egiteko gogoz geunden. Horrez gain, beste koreografia propio batzuk egin eta formatu txikiagoko ikuskizuna egin dugu. Denak koreografia berriak dira, ez dira dantza tradizionalak», dio Ainara Vidalek, Itsasiko kideak. Musikaririk gabe, baina ederki aukeratutako musikarekin egingo dute. Euskal kantagintzan aritzen direnen piezak aukeratu dituzte: Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta Ken Zazpirenak, besteak beste.
Formatu txikikoa da, «batetik bestera ibili eta era askotako tokietan egiteko aukera handiagoa izateko». Hala ere, oraindik Azpeitian bakarrik dute hitzordua jarrita. «Egia esanda, oraindik ez gara hasi ikuskizuna mugitzeko lanean», diote.
Urtarrilean hasi ziren
Arteka marteka ikuskizuna prestatzen. Izenburua bi zentzurekin aukeratu dute: «Batetik, noizean behineko ikuskizun bat delako, ez delako gure urteroko programaziokoa; eta, bestetik, dantzari guztiek ez dutelako dantza guztietan parte hartzen; batzuetan batzuk eta besteetan beste batzuk aritzen dira dantzan».
Dantza ikuskizuna estreinatu ondoren, uztailerako, Azpeitia Dantzan-erako lanean hasi beharko dutela dio Vidalek.