2022a Joan Sebastian Elkanok munduari bira eman ostean Sanlucar de Barramendan lehorreratu zeneko mendeurrena izango da. 2026an, berriz, itsasgizona hil zela 500 urte beteko dira. Bi urte horiek kontuan izanda, eta datekin egokitzeko, urtebete atzeratuko dute Elkanoren lehorreratzearen antzezlana Getarian. Lau urtetik behin egin ohi dute ekitaldia, eta irizpide horri jarraiki, aurten egin beharko litzateke hurrengoa. Getariako Udal Gobernuak, ordea, 2014ra atzeratzea erabaki du.
1519ko abuztuaren 10ean Sevillatik atera eta irailaren 20an Sanlucar de Barramedan (Andaluzia, Espainia) itsasoratu ziren Trinidad, Victoria, San Antonio, Concepcion eta Santiago naoak, Fernão de Magalhães portugaldarraren gidaritzapean. Espainia eta garai hartako Sartaldeko Indiak eta Ekialde Urruna lotuko zituen ibilbidea irekitzea zuten helburu, portugaldarrek erabiltzen ez zuten ibilbide bat egitea. 234 gizonek osatzen zuten bost ontzietako eskifaia, eta tartean zen 33 urteko Joan Sebastian Elkano getariarra. Hari egokitu zitzaion, hain zuzen, Concepcion zuzentzea.
1521eko udaberrian bi ontzi besterik ez ziren heldu Filipinetara, eta apirilaren 27an buruzagi gabe geratu zen tripulazioa, Mactan uharte inguruan bortizki hil baitzuten Magallanes. Elkanok hartu zuen orduan Victoria ontziko zein espedizio osoko agintea. Hiru urte behar izan zituen berriz ere Sanlucar de Barramedara heltzeko. Ontzi batek, Victoriak, eta hamazortzi marinel heldu ziren portu horretara 1922ko ekainaren 6an.
Datak egokitzea
Ordutik, getariarrek askotan irudikatu izan dute lehorreratze hura, herriko itsasgizonaren balentria goratzeko. Azken urteetan lau urtetik behin gogoratu dute gertakizun hura; aurten egokituko litzateke berriz ere, beraz. Baina Getariako Udal Gobernuak data atzeratzea erabaki du. 2019 eta 2022 urteak izan dituzte kontuan udal ordezkariek data aldatzerakoan. 2019an 500 urte beteko dira Elkanok parte hartu zuen espedizioa Sanlucar de Barramedako portutik irten zela, eta 2022an, berriz,itsasgizonak bidaia amaitu zuela. 2026a ere data esanguratsua izango dela azaldu du Aitor Irigoien zinegotziak. Izan ere, Elkano hil zela 500 urte beteko da.
Hori hala, urte horietan lehorreratzea egin behar zela adostu du Getariako Udal Gobernuak. «Atzera launaka egiten badugu, lehorreratzea teorian 2018 eta 2014ean egitea tokatzen da». Ildo horretatik, aurten beharrean, datorren urtean egingo dute antzezlana. «Hala datak egokituko zaizkigu». 2022an eta 2026an ekitaldi bereziak egingo direla aurreratu du.
Gure Txeruri protagonismoa
Horrez gain, beste arrazoi bat izan du Getariako Udal Gobernuak ekitaldia atzeratzeko. Aurten Gure Txeru elkarteak 50 urte betetzen dituenez, haren aldeko ekitaldiei indarra eman nahi dio Udal Gobernuak. «Elkarte horrek ekitaldi ugari antolatu ohi du urte osoan zehar: euskal dantza saioak, mendi irteerak, esku pilota eta futbito txapelketak, haurrentzat ekimenak, danborrada... Elkanoren itzulera irudikatuz gero, Gure Txeruren ekitaldiak itzalpean geratuko zirela eta, aurtengo Salbatore Deunaren jaietan hari eman nahi izan diogu protagonismoa», azaldu du Irigoienek.
Data aldaketa hori, beraz, ez dela arrazoi «ekonomikoengatik» egin nabarmendu du Getariako zinegotziak. Izan ere, datorren urtean egin, egingo da lehorreratzea.
Ekitaldiak prestatzeko aurre lanketa bat hasi dute dagoeneko. Elkano batzordea sortu dute, esaterako, itsasgizonaren figuraren inguruan azterketa historikoak egiteko. Bestalde, turismo alorretik ere jada ekitaldi horiei begira jarri beharko direla esan du Irigoienek. Zentzu horretan, lan talde bat osatuko dela aurreikusi du zinegotziak. Abuztu hasieran egin ohi dituzte Elkanoren lehorreratzearen antzerkiak, Salbatore Deunaren jaietan.