Amparo Sanchez: «Kontzertu bakoitza azkena balitz bezala bizi dut»

Aritz Mutiozabal 2013ko martxoaren 20a

Urtea askoan Amparanoia taldeko lema eraman ondoren, bakarka dabil orain Amparo Sanchez (Alcala La Real, Jaen, 1969) abeslari andaluziarra. Aste Santu­an —hilaren 30ean, 23:00etan, alegia— Sanagustin kulturgunean  ariko da, bere bakarkako ibilbideko Alma de cantaora bigarren lana aurkezten. Emanaldiko sarrerak dagoeneko salgai jarri dituzte, 10 eurotan. Platonen arabera, «arima hilezkorra da». Alma de cantaora betikotuta geratuko al da? Nahiago nuke hala geratuko balitz. Bat nator erabat Platonekin, arima hilezkorra den horrekin. Izan ere, uste dut disko honek as­ko duela nire arimatik;  nire cantaora (flamenko-abeslari) arimatik, alegia. Eta zure arima musikalak bera izaten jarraitzen al du horrenbeste ur­te eta gero? Egunetik egunera gehiago maite dut musika. Gainera, orain argiago ikusten nola sendatu eta lagundu diezaioken besteari.  Egin­kizun handia da. Bada denbora Amparanoia taldea utzi zenuela, baina jendeak oraindik ere modu horretan ezagutzen zaitu. Zaila egiten al zaizu izen hori atzean uztea? Ez nau molestatzen, ezta harritzen ere. Ez nituen nire bizitzako 12 urte alferrik egin izen horrekin. Garrantzitsuena nire ahotsa eta esentzia aitortzea da. Honako hau bakarkako bigarren lana duzu. Disko heldua eta pertsonala den arren, paranoia izaten jarraitzen al du? [Kar-kar] Bada, ez dakit. Hori zuek esan beharko duzue. Nire lanekin beti izaten dut paranoia, batez ere dudan onena emateari dagokionean. Hasiera-hasieratik mestizajearen aitzindaritzat jo zaituzte. Hala ere, cantaora-tzat al duzu zure burua? Bai, halaxe naiz. Ahotsarekin transmititzea eta abesterakoan nire arima ematea da nirea. Bihotzez eta jitez naiz cantaora. Kasu honetan, beharbada, bitalista ere esan nahi al du? Bai. Orokorrean, abestien bidez munduaren aurrean hitz egiteko beharra duen pertsona da cantaora. Gertutik, flamenko-abeslari horiei guztiei eginiko keinua ere bada; horiek ez zuten bide erraza eduki gizonen mundu horretan sartzeko. Nahiz eta emakumeok izan garen betidanik gure seme-alabei sehaska kantak abestu dizkiegunak, agertokira igotze hori emakume alaien kontutzat hartu izan da. Eta emakume horiek borroka egin behar izan zuten flamenkoan tokia izateko. Nazioarteko artisten kolaborazioez josita dago diskoa. Alde horretatik, ez dirudi mugarik duenik. Espero dut ezetz. Ateratzen joan ziren kolaborazio guztiei ireki zizkien ateak disko honek, baina inolako momentua izan nahi izan du lagunarteko lan bat. Australia eta Zeelanda Berria izan dira zure azken bi geltokiak. Zer moduzko esperientzia izan da? Itzela izan da. Bereziki Zeelanda Berrikoa. Barrua ukitzen dizun magia eta pasaia du herrialde horrek: maoriak, bakea, zerua... Bestalde, Australiako Womad jaialdian jotzea beti da liluragarria. Publikoa oso irekia eta harkorra izateaz gain, mundu osoko musiken kontzertu zoragarriak entzuteko aukera izan dugu. Eta orain berriro ere bueltan, Euskal Herrian ariko zara, Azpeitian. Aldaketa handia izanagatik ere, bertan jotzeko gogoz al zaude? Egia esan, beti izaten dut Euskal Herrira itzultzeko gogoa. Nire bigarren etxea da. Bertan egin ditut nire ibilbideko ia disko guztiak, eta, jakina, Alma de cantaora azken lana Andoaingo Garate estudioan nahastu eta bukatu nuen, Kaki Arkarazoren ardurapean. Nola egituratuko duzu Sanagustin kulturguneko kontzertua? Disko berriko abestiak aurkeztuko ditugu zuzenean, baita Tucson-Habana bakarkako lehen diskokoak eta Amparanoiaren garaiko bat edo beste ere. Biran zehar eskaintzen ari naizen formatuarekin gerturatuko naiz. Formatua oso trikotuta dago sei hilabeteko bira luzearen ondoren. Beraz, oso ongi pasatuko du­gu kontzertuan! Zuzenekoetan islatzen al da benetan  zure arima? Gure lanbidean esfortzu ororen azken xedea da zuzeneko emanaldia. Sari handi bat bailitzan. Kontzertu bakoitza azkena izango balitz bezala bizi dut, eta, jakina, nire ahotsa eta arima guztia entzutera etortzen diren horientzat izaten da. Haiek dira abestiak egiten jarraitzeko arrazoi nagusia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide