Igandean hasi zen Ohorezko mailako emakumezkoen liga Orioko Bate Bizkorrak sofbol taldearentzat. Eguraldi kaxkarra egon, aurreikusitako bi partidak jokatu ahal izan zituzten Dridma taldeko neska madrildarren aurka.
Lehenengo partidaren hasieran, hirugarren sarrerara arte, markagailua hutsean egon zen. Ane Barandiaran Orioko taldeko jaurtitzaile ordiziarra eta Liliana Otermin madrildarren jaurtitzaile argentinarra aurrez aurre aritu ziren bakoitza bere taldea defendatzen. Laugarren sarreran oriotarrak Liliana Oterminen jaurtiketak gogor bateatzen hasi ziren eta amaieran sei karrera lortu zituzten. Madrildarrek, ordea, ez zioten oso indartsu aritu zen Ane Barandiarani punturik sartu. Orioko defentsa oso ona izan zen, ez zuen akatsik egin. Beraz, lehenengo partida 6-0 emaitzarekin amaitu zen.
Bigarren partidan, berriz, oriotarrak hasieratik hasi ziren bateatzen eta 2, 5 eta 3 karrera sartuta hirugarren sarreran 10eko diferentziarekin amaitu zuten partida. Ainara Larraxa bateatzaile oriotarra nabarmendu zen partidan. Talde madrildarrak ez zuen karrerarik lortu bigarrenean ere. Beraz, bukaerako emaitza 10-0 izan zen.
Estreinaldi paregabea izan da, beraz, Orioko Bate Bizkorrak taldearentzat, baita taldera berriz itzuli den Idoia Benito jokalari zarauztarrarentzat ere.
Hurrengo partidak Atletico SS taldearen aurka izango dira martxoaren 24an 11:00etan eta 13:00etan Orioko Mendibeltz zelaian.