Zarauzko Udalak bat egingo du Adena WWF erakundeak antolatutako mundu mailako Planetaren ordua kanpainarekin. Itzalaldia martxoaren 23an izango da, 20:30etik 21:30era. Ordubetez Santa Maria Real parrokiako, Frantziskotarren elizako, udaletxeko, Lege Zaharren enparantzako, Musika plazako, itsas pasealekuko eta Getaria bideko hainbat kaleko argiak itzalita izango dira. Horrekin batera, egunerokoan ere energia aurrezteko neurriak hartzera animatu dituzte zarauztarrak Herritarren Partaidetza eta Agenda 21eko sailetatik, "ahalegin txikia" eginez etxean, enpresetan, eskoletan zein administrazioan. "Ahalegin txiki horiei esker lortuko dugu planeta zaindu eta klima-aldaketa gelditzea".
Ekimen horrekin, ingurumenarekiko konpromisoa adierazteaz gain, klima aldaketaren kontrako neurriak hartzeko beharra dagoela aldarrikatuko du. Planetaren Ordua ekimenak herritarren partaidetza sustatu nahi du, baina baita udal, enpresa, eskola, unibertsitate, komunikabide eta munduan ekimenarekin bat egin nahi dutenena ere. Adena WWF erakundearen Planetaren Ordua Sidneyn (Australia) abiatu zuten 2007an. Orduan, 2,2 milioi pertsonak hartu zuten parte klima aldaketaren kontrako aldarrikatze horretan. Aurten dagoeneko 135 herrialdetako 5.000 hirik baino gehiagok parte hartuko dutela hitza eman dute, eta hainbat eraikin esanguratsutako argiak itzaliko dira,Branderburgoko Atea, Zimbaweko Victoria ur-jauziak eta Londreseko Royal Albert hall, kasu.Planetaren Ordua ekimenari buruz informazio gehiago: www.horadelplaneta.es etawww.zuzarautz.info