Orioko III. Mendi Lasterketak 350 parte-hartzaileren muga gainditu du dagoeneko

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko martxoaren 20a

Orioko Mendi Lasterketan herriko korrikalari batzuk irribartsu. (Argazkilaria: Bittor Mutiozabal) Oriok itsasoarekin lotura handia izan du beti. Arrantza izan da oriotar askoren ogibidea, eta arrauna pasioa. Baina itsasoaz gain Oriok badu kostalde ikusgarria ere, labarrek eta mendiek osatzen dutena. Eta herriko ondare ikusgarri hori aprobetxatuz, Orioko Herri Ikastolak Orioko III. Mendi Lasterketa antolatu du iganderako. 20 kilometroko luzera eta 1.000 metroko gorabehera positiboa izango du mendiko probak, eta bertan parte hartzen duten lasterkariek Orioko kostalde eta mendialde ederraz gozatzeko aukera izango dute. Maila «polita» lasterketan Aurten hirugarren aldiz antolatu dute Orioko Ikastolak eta Udalak mendi lasterketa eta urtez urte korrikalarien artean arrakasta lortzen joan da inolaz ere. Izan ere, gehienez 350 parte-hartzailearentzat tokia du probak eta dagoeneko dortsal guztiak agortu direla jakinarazi dute antolatzaileek. Oriotarrez gain, Urola Kostako eta oro har Euskal Herri osoko korrikalariak parte hartuko dute mendi lasterketan. «Maila polita izaten da mendi lasterketan. Mendi maratoietan punta-puntan ibiltzen diren korrikalariak ere parte hartzen dute gurean eta oso gustura gaude» azaldu du Iñaki Beraza Orioko Mendi Lasterketako antolatzaileak. Antolatzaileek jakin badakite 20 kilometroko proban parte hartu ahal izateko mendi lasterketetan esperientzia izatea garrantzitsua dela. «Horregatik, datorren urteari begira lasterketa nagusiaz gain, 10 kilometroko lasterketa errazagoa antolatzea ere pentsatzen ari gara, modu horretan mendi lasterketetan hasi nahi dutenek Orion horretarako aukera izan dezaten» azaldu du Berazak; herrian mendi lasterketa antolatzen hasi zirenetik oriotar ugari animatu baita probatzera. Bestalde, mendi lasterketari esker urtetan zehar galduta izan diren mendiko bideak berreskuratzen ari dira pixkanaka-pixkanaka auzolanean eta «hori oso aberasgarria da herriarentzat, oso mendi bide politak baititugu Orion». Ingurugiroa zaintzen Mendi lasterketari 10:00etan emango diote hasiera Ikastola aurretik eta dortsalak eta lasterkariaren poltsa Ikastolako pergolan banatuko dituzten 8:00etatik 09:30era bitartean. Antolatzaileentzat oso garrantzitsua da ingurugiroa zaintzea horregatik kontrol-guneetatik kanpo zaborrak ez botatzeko eskatuko zaie partehartzaile guztiei. Helburu horretarako, hornitze guneetatik gertu zaborrontziak ezarriko dira, 25 eta 50 metrora. «Oinarrizko arau hau betetzen ez duten korrikalariek, probatik kanpo utziko dira».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide