Miriam Francesek eta Katixa Agirrek euskarazko zinemari buruzko blog bat sortu dute

Ane Olaizola 2013ko martxoaren 20a

Miriam Frances, artxiboko irudi batean.(Urola Kostako Hitza) Miriam Frances azkoitiarrak euskaraz egindako zinemagintzari lotutako blog bat sortu du, Katixa Agirre idazlearekin batera. Irudiz eta euskaraz ataria zinemazaleen txokoa eta blog akademikoa izan dadin nahi dute. Dibulgaziozko testuak txertatuko dituzte, ataria informazioa jasotzeko baliagarria izan dadin. «Ikerketak egiten ari garenok informazioa aurkitzerako orduan arazoak izaten ditugu, batez ere euskarazko filmeen inguruan askorik asko ez dagoelako». Izan ere, Publizitate eta Harreman Publikoetan lizentziaduna da Frances, eta Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasketak amaitzen ari da. Era berean, euskal zinemaz egin den promozioaren inguruko ikerketa masterra egiten ari da azkoitiarra, eta horretarako erreferentzia izango du Aupa Etxebeste! filma. Hain zuzen, ikerketa lan horrek batu ditu Frances eta Agirre egitasmoa martxan jartzeko. «Ikerketa prozesuan material interesgarri asko topatu dut, eta jendaurrean jarri nahi nuen informazio hori guztia. Aurretik ere banuen bloga sortzeko ideia buruan. Katixa da nire ikerketa laneko zuzendaria, eta bera dagoeneko proiektua hasia zuela esan zidan. Beraz, neuk ere ekimenarekin bat egin nuen». Blog batetik harago, ordea, ikerlari askok partekatuko duten txokoa izatea nahi dute. Horregatik EHUko ikerlariek ere euren ekarpenak egiteko aukera dute, guztien artean sare bat osatu ahal izateko. «Zinemaren inguruan dabilen edonork idatz dezake bertan». Pixkanaka ari dira elikatzen bloga, sortu berria delako. Dena den, hainbat eduki du atariak, eta 2005etik 2012ra bitartean euskaraz egin den zinemagintzari errepasoa egiteaz gain, atzoko eta gaurko zinemaren egoera jorratzen da. «Jendeari egoeraren berri eman nahi diogu, gaur egun zer dagoen eta zer falta den jakin dezaten». Euskal zinemagintzaren inguruan dagoen «hutsunea» betetzeko erreminta eraginkorra delakoan da azkoitiarra. «Akademikoki ez da asko landu azken urteetako euskal zinemagintza. Euskal zinemagintzaz asko teorizatu zen bere garaian, baina hamabi urteko hutsunea egon zen, ez zen euskarazko filmerik egin tarte horretan. Orain, abiadura pixkat hartu duenez, gaia aztertzeko modukoa dela iruditzen zaigu». Lehenengo aldiz sortu du halako ekimen bat Francesek. Agirrek, berriz, esperientzia handiagoa izanik, honen alboan lan eginez «oso gustura» dagoela aitortu du. «Lanerako orduan oso zuzena da, eta xehetasun asko hartzen ditu kontuan».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide