Konposta gune bana jarriko dituzte Orion, Getarian, Zarautzen eta Zumaian

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko martxoaren 19a

Udal elkarteko lehendakari Amaia Guruzeta aurkezpenean. (Aiora Larrañaga/Hitza) Pasa den azaroan Urola Kostako Udal Elkarteak Etxean eta Auzoan Konposta Egiteko Plana martxan jarri zuen, Zero Zabor filosofia jarraituz. Hiru urrats nagusi ditu planak. Alde batetik, etxean konpostagailua jarria duten familiei bisita eta jarraipena egitea; bestetik, auzoan konposta egiteko eremua eraiki eta martxan jartzea, eta azkenik, aukera duten familia guztiek etxean konpostagailua jarri dezaten kanpaina abiatzea. Lehen urratsa bete du udal elkarteak, eta bigarrena eta hirugarrena garatzeari ekingo dio datozen asteetan. Udal Elkarteko lehendakari Amaia Guruzetak prentsa agerraldian jakinarazi duenez, «udal elkarteak eskualdean lau auzo konposta gune jarriko ditu». Getarian Sahatsa kalean, Orion Anibarko Portuan, Zarautzen Vista Alegre auzoan eta Zumaian Alai auzategian; Marianton parkean, hain zuzen ere. Auzo horietan bizi diren familiei gutuna bidaliko die Urola Kostako Udal Elkarteak ekimenean parte hartzera gonbidatuz, eta interesatuek ikastaro labur bat egingo dute. «Eremu bakoitzean 6-9 familiak har dezakete parte», azaldu du Gurutzetak. «Eremu bakoitzean bi konpostagailu handi jarriko ditugu, 700 litrokoak». Aian momentuz ez da auzokonposta gunerik egingo. Etxean ere konpostagailua Etxean eta Auzoan Konposta Egiteko Planaren hirugarren urratsa etxean berdegunea edo lorategia duten herritarrek beren etxean konpostagailua jartzera animatzeko kanpaina izango da. Udal elkarteak azterketa bat egin du, eta egun bailarako 1.500 familiek izango lukete horretarako aukera. Horregatik, «apirilean zehar ekimenaren berri emanez gutuna jasoko dute erabiltzaile potentzialek eta ikastaroak antolatuko dira herriz herri. Etxeko konpostagailua udal elkarteak emango die doan egitasmoan parte hartzen dutenei». Balorazio «positiboa» Etxean eta Auzoan Konposta Egiteko Planaren lehen urratsa etxean konpostagailua jarri duten familiei jarraipena egitea izan da. Bertan, udal elkarteko teknikariek familia horiek konpostagailuaren erabilera egokia egiten duten baloratu dute. «2005etik 2012ko irailera bitartean 431 familiek eskatu dute konpostagailua. Oraindik bisiten fasea amaitu ez badute ere, orain arte 255 egin dituzte. Horietatik,  familien %81,57l ondo erabiltzen du konpostagailua eta konpostagailuen %93,73a erregularki erabiltzen da. Uste dugu emaitza positiboa dela». Dena dela udal elkarteak autokritika ere egin du. «2005etik 2012ea etxean konpostagailua jarri duten familiei ez diegu jarraipenik egin. Horren ondorioz, asko dira erabili ez dutenak, muntatu ez dutenak edo baja eman dutenak. Beraz, beharrezkoa jotzen dugu erabiltzaileei banan-banan laguntza eta aholkularitza emango dien zerbitzua eskaintzea».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide