Aurreko Karkaran azaldu genuen bezala, azken urteotako batzar nagusirik garrantzitsuena egin zuen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Orion, martxoaren 16an, aurreko larunbatean.
Orioko Kultur Etxean 2011. urtean hasi zuten hausnarketa prozesua amaitutzat eman dute. Bide horretan barruko nahiz kanpoko eragileek parte hartu dute, eta, ondorioz mankomunitatea indarberrituta atera dela azaldu zuten batzarrean.
Aurrera begira, lau ardatz aipatu dituzte: euskarazko funtzionamendua bultzatzea, lurgunea mantendu eta zabaltzea, herri euskaldunen garapen jasangarria bultzatzea, eta erakunde eta gizarte eragileekin harremanak lantzea. Izan ere, mankomunitatearen arabera, haien helburua euskararen normalizazioaren motore gisa parte hartzea da, baita euskararen aldeko hizkuntz politika ausart eta aurrerakoiak egin eta eragitea ere.
Euskal Herrian nagusiki euskaraz bizi diren herrien zerrenda egiten hasita, aurrera samar jarri beharko genuke Orio. Orioko herritarrok euskaraz bizi izan gara, historian zehar; eta neurri handi batean horrela segitzen dugu –esan digu Jon Agirresarobek–. Oriotarrek euskara erabili izan dute etxean eta kalean, lagunekin eta familian. Gaztelaniaz, berriz, sendagilearen kontsultan, eskolan eta administrazioan aritu behar izaten zuten. Gaur egun, zorionez, esparru ia guztiek eskaintzen dute zerbitzua euskaraz; zenbaitzuk euskaraz lan egiteko hautua ere egin dugu, Orioko Udalak esaterako. Baina herritarrek euskaraz bizitzeko hautu kontzientea indartzeko bitartekoak jartzeko garaia heldu da. Horretan lagundu; behar digu Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak.
Hasieran Uema osatzen zuten herriak batez ere herri txikiak baziren ere, herri handiak sartu dira orain. Hala, azken batzarrean, bost herri berri onartu ditu UEMAk: Gipuzkoako Zarautz eta Tolosa, Bizkaiko Lekeitio eta Munitibar, eta Nafarroako Lesaka. Hala, 69 udalek osatzen dute gaur egun UEMA.
Hemen dituzue Jon Abrilek –Aralar alderdiko kideak– batzar nagusian izandako hitz batzuk: