Bihar bozkatuko ditu Zarauzko Udalbatzak 2013rako aurrekontuak, martxoko osoko bilkuran. Horiek prestatzeko Udal Gobernuak prozesu parte-hartzailea burutu du, bigarren urtez. Aurtengoa, ordea, iazkoa baino «zabalagoa» izan da; izan ere, auzoz auzo herritarrekin biltzeaz gain, askotariko alorretako eragileekin eta udal langileekin ere elkartu dira udal ordezkariak, haien ekarpenak ere jasotzeko.
«Prozesuaren balorazioa oso positiboa da. Jendeak ongi erantzun du, errespetu handiz», nabarmendu du Partaidetza zinegotzi Jabier Etxaburuk. «Oso aberasgarria izan da herritarrekin harreman hori izan eta guztien eskaerak jasotzea. Udala eta eragileak norabide berean lan eginez urrats handiak eman daitezkeela uste dugu. Eta elkarlanaren bidean herritarren eskaerak bildu eta ikuspegi orokorraren baitan kokatuz, herritarrontzat egokienak diren erabakiak hartzeko bidea egin da».
Guztira, 358 partaide
Guztira, hamazazpi bilera egin dituzte otsailetik martxora, eta 358 pertsonak—172 emakumek eta 186 gizonek— hartu dute parte. Zortzi auzotan izan dira udal ordezkariak, arlokako zortzi bilera egin dituzte, eta udal langileekin beste saio orokor bat. Auzoetako bileretan jasotako ekarpenak «mantenuko detaile txikiak» direla azaldu du Ogasun zinegotzi Iñaki Eizagirrek, baina egunerokotasunean «garrantzi handia» dutenak. Ildo horretatik, udalak lehentasuna emango die lan horiei. Vista Alegreko auzotarrek igogailuaren beharra nabarmendu zuten, besteak beste.
Azken Portu Goiko argindar postea dagoen lekutik kendu eta zenbait etxepetako uraren presioa berrikusi behar dela adierazi zuten. Horrez gain, zakarrontziak eta motorrak eta bizikletak aparkatzeko lekuak falta direla nabarmendu zuten, eta aparkatzeko arazoak dituztela.Ildo horretatik, TAO txartela eskuratuz gero, Salberdinen aparkatzea posible izango litzatekela esan zuten. Bizikleta asko desagertzen direla aipatu zuten, bestalde, Alde Zaharreko bizilagunek, eta zamalanak ez direla errespetatzen. Arazo horiek konpontzeko, hutsik dauden lokalak gordailu gisa erabiltzeko eta zamalanetarako protokoloa osatzeko eskatu zuten, besteak beste.
Iñurritzan, espaloiak zabaldu eta bizikletak uzteko lekua eta gune estaliak falta direla nabarmendu zuten. Horrez gain, Iñurritzako jai batzordeak materiala uzteko lokala eskatu zuen. Besteak beste, Udaltzaingoaren presentzia indartzeko eskatu zuten Azken Portukoek, eta Itxasmendikoek auzora sartzeko trafikoa bideratzeko semaforoa eskatu zuten, beste behin. Landa guneetako bizilagunek bideak egokitzeko eta argiteria hobetzeko eskatu zuten, besteren artean.
Arlokako saioei dagokienez, batez ere, kulturan, kirolean eta gazterian elkarlanerako «borondatea zein beharra» azaldu dute. «Prozesu horiek aurrekontuetara zabaltzeaz gain, nolabaiteko mahai edo guneak sortzeko eskatu digute, urte osoan zehar elkarlan hori gauzatzeko».
«Modu eraginkorrena»
Herritarrek udalak egindako «gardentasun ariketa» oso ongi baloratu dutela diote bi zinegotziek, eta 2013rako aurrekontu proposamenarekin bat datozela. Egitasmoak bi helburu izan ditu: gardentasuna eta eraginkortasuna: «Gardentasuna, herritarrok dirua zertan erabili den jakitea ezinbestea delako; eta eraginkortasuna, Zarautz ikuspegi, ohitura, jardun eta izaera ezberdineko kideok osatzen dugunez, guztion erronkak jasoko dituen aurrekontuak osatzeko».
«Dena den, parte hartzea ez da aurrekontuetara soilik mugatuko», dio Eizagirrek. «Herritarren kezka edo udalaren proposamenak elkarbanatzeko bitartekoak jarriz». Parte hartzea herritarrekin lanean aritzeko «modu sano eta eraginkorrena» dela gaineratu du, eta hurrengo urterako parte hartze bidean «urrats garrantzitsuak» emango direla.
Auzoka zein arloka egindako bileren inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu Zuzarautz webgunea.