Azpeitian etxez etxeko laguntzaile izateko orain urte batzuk Azpeitian emandako ikastaro bateko irudia. (Argazkia: Alicia Gomez)
Urola Erdiko Enplegu Planaren barruan, Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil eta Zestoako biztanleei zuzendutako bi formakuntza ikastaro antolatu dituzte. Bata etxez etxeko laguntza eta geriatria laguntzaile izateko eta elikagaien manipulaziorako ikastaroa da; eta bestea lana aurkitzeko tekniken ingurukoa. Bi ikastaroetan gehienez hogei lagunek parte hartzeko aukera izango dute. Izena eman nahi dutenek martxoaren 18rako udaletxeko Gizarte Zerbitzuen bulegora deitu beharko dute. Azpeitiko Udaleko telefonoa zenbakia 943-15 71 92 da, eta Saiaz Udal Elkartekoa 943-68 11 28 (ostegunetan, baina, 943-81 29 89 zenbakira deitu behar da).
Ikastaroak doan izango dira. Pertsona batek ezingo du bi ikastaroetan parte hartu, eta parte-hartzaileak aukeratzeko aurrez elkarrizketak egingo dituzte.
Etxez etxeko laguntzaile edo geriatria laguntzaile izateko eta elikagaien manipulaziorako ikastaroa apirilaren 9an hasiko da, eta uztailaren 26ra artekoa izango da. 300 ordukoa izango da. Horietatik 200 ordu saio teorikoak izango dira, apirilaren 9tik ekainaren 27ra bitartean, eta beste 100 praktikoak, ekainaren 10etik uztailaren 26ra. Saioak 15:30etik 19:00etara egingo dituzte, Azpeitian. 25 eta 58 urte bitartekoek har dezakete parte ikastaroan, eta eskola-graduatua izatea derrigorrezkoa da.
Beste formazio ikastaroan lana aurkitzeko teknikak ikasteko aukera egongo da. 20 ordukoa izango da ikastaro hori. Apirilaren 15etik 18ra eta 22tik 25era, 15:30etik 18:00etara. Ikastaro honetako saioak ere Azpeitian emango dituzte.
Beizaman eta Errezilen
Saiaz Udaleko Zerbitzu Elkarteak Berdintasun Planaren barruan,
Zaintza genero ikuspegitik ikastaroa antolatu du, Beizamako eta Errezilgo biztanleei zuzendua. Bertan, zaintzaren garrantzia, lanaren banaketa familietan, zailtasunak eta emakumea eta zaintza gaiak landuko dituzte, besteak beste.
Bidegoiango zentr0 balioanitzean izango dira saioak, apirilaren 12an, 19an eta 26an eta maiatzaren 10ean eta 17an, 15:00etatik 16:30era artean. Ana Elosegik emango du ikastaroa. Psikologian eta sexologian aditua da Elosegi.
Ikastaroa doan izango da, eta izena apirilaren 9a bitartean eman behar da, Saiazera deituta (telefono zenbakia: 943-68 11 28) edota saiaz@udal.gipuzkoa.net helbidera idatzita.
Ikastaroa aurretik etxez etxeko laguntzan eta eguneko zentroetan lanean ari diren profesionalek egin dute. Joan den urtarrilean eta otsailean jaso zuten haiek, eta ikastaroaren inguruan balorazio «oso positiboa» egin dutela nabarmendu dute Saiazeko ordezkariek. Ikastaroari bukaera emateko, martxoaren 8an afaria egin zuten.
Bi ikastaro hauetako parte-hartzaileek hilean behin aholkularitza zerbitzua jasotzeko aukera ere izango dute, banan-banan. Beraz, kasuak banaka aztertuko dituzte.