Pasa den azaroan Urola Kostako Udal Elkarteak Etxean eta Auzoan Konposta Egiteko Plana martxan jarri zuen Zero Zabor filosofia jarraituz. Hiru urrats nagusi ditu planak. Alde batetik, etxean konpostagailua jarria duten familiei bisita eta jarraipena egitea; bestetik, auzoan konposta egiteko eremua eraiki eta martxan jartzea eta azkenik, aukera duten familia guztiek etxean konpostagailua jartzeko kanpaina abiatzea.
Lehen urratsa bete du udal elkarteak eta bigarren eta hirugarrena garatzeari ekingo dio datozen astetan. Udal Elkarteko lehendakari Amaia Guruzetak prentsa agerraldian jakinarazi duenez "udal elkarteak eskualdean lau auzo konposta gune jarriko ditu": Getarian Sahatsa kalean, Orion Anibarko Portuan, Zarautzen Vista Alegre auzoan eta Zumaian Alai auzategian, Marianton parkean hain zuzen ere. Auzo horietan bizi diren familiei gutuna bidaliko die Urola Kostako Udal Elkarteak ekimenean parte hartzera gonbidatuz eta interesatuek ikastaro labur bat egingo dute. Guruzetaren esanetan, "eremu bakoitzean 6-9 familiek har dezakete parte. Eremu bakoitzean bi konpostagailu handi jarriko ditugu 700 litrotakoak". Aian momentuz ez da auzo konposta gunerik egingo.
Etxean ere konpostagailua
Bestalde, Etxean eta Auzoan Konposta Egiteko Planaren hirugarren urratsa, etxean berdegunea edo lorategia duten herritarrek euren etxean konpostagailua jartzera animatzeko kanpaina izango da. Udal elkarteak azterketa egin du eta egun bailarako 1.500 familiek izango lukete horretarako aukera. Horregatik, "apirilean zehar ekimenaren berri emanez gutuna jasoko dute erabiltzaile potentzialek eta ikastaroak egingo dira herriz herri. Etxeko konpostagailua udal elkarteak emango die doan egitasmoan parte hartzen dutenei".