Silvia Carrizo Malen Etxeako lehendakaria, Patricia Conde Haurraldeko lehendakaria, Karmele Gomez Zumaiako Udaleko teknikaria eta Rosa Aramendi Hitzez Elkarteko lehendakaria. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Mundu guztiko emakume nekazari eta baserritarrek arazo komunak dituztela konturatuta, herrialde askotakoen esperientziak bildu, eta batzuk besteen bizipen eta ereduetatik ikasi dezaten, Emakume Garapen Sortzaileen I. Biltzarra antolatu dute Haurralde Fundazioak, Malen Etxea Emakume Etorkinen Elkarteak, Hitzez Emakume Baserritarren Elkarteak eta Eraldatzen Elkarteak elkarlanean, Zumaiako Udalaren babesarekin.
2011n eman zituzten biltzarra egin ahal izateko lehen urratsak Hitzez eta Haurralde elkarteek, eta urriaren 16tik 18ra bitartean egingo den ekimen sorta izango da prozesu luzearen emaitza.
Aberastasunaren kudeatzaile
Zazpi herrialdetako 13 emakume baserritarrek beren esperientzia azalduko dute biltzarrean. Bolivia, Dominikar Errepublika, Txile, El Salvador, Puerto Rico, Burkina Faso eta Euskal Herriko emakume elkarteetako ordezkariak bilduko dira, hain zuzen ere, Zumaian, landa eremuko emakumeek dituzten arazo, lan eta ahalduntze prozesuen inguruan hausnartzeko.
Haurralde Fundazioko lehendakari Patricia Poncek hala azaldu du: «Lan erantzunkidetasuna askoz zailagoa da hegoaldeko emakumeen kasuan. Izan ere, emakume hauek baserriko lana egiteaz gain, ekoitzitakoa saldu egiten dute. Baina irabazia ez dute eurek kudeatzen, normalean gizonezkoek erabakitzen
baitute diru horrekin zer egin. Egoera hori gainditzeko bideak izango ditugu hizpide hitzaldietan».
Arratsaldetan ahalduntze tailerrak egingo dituzte parte-hartzaileek. «Emakumeek sortu duten aberastasuna historian zehar alde batera utzi izan da azterketa ekonomikoetan. Zorionez, ekonomia feminista ardatz duten teoriak gero eta indar handiagoa hartzen ari dira Europan. Ildo horretatik, Latinoamerikan eta Afrikan ere pixkanaka bidea egiten ari dira, globalizazioaren eraginez». Biltzarrean parte hartuko duten emakume baserritarrak ahalduntze prozesua abiatu duten emakumeak dira. «Ekoizten dutenetik lortutako irabazia komunitatean, euren artean antolatuta, kudeatzen dute, eta komunitateko espazioak, etxeak edota merkatua hobetzeko erabiltzen dute», azaldu du Malen Etxeako lehendakari Silvia Carrizok.
Euskal Herriko eredua
Biltzarrak hiru egun iraungo badu ere, urriaren 14tik 19ra
bitartean izango dira herrialde askotako emakume baserritarrak Zumaian. «Euskal Herrian landa eremuko emakumeek abian dituzten ekimenak eta hemen garatu dituzten ekoizpen sistemak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute modu horretan», azaldu du Poncek.
Horretaz gain, urriaren 15a Euskal Herriko Emakume Baserritarraren Eguna izango da, eta horren harira antolatutako biltzarrean parte hartuko dute atzerriko emakume baserritarrek. Izan ere, Carrizoren iritziz Euskal Herriko emakume baserritarren ahalduntze prozesua «eredu baliagarria» izan daiteke biltzarrean parte hartzekoak diren emakumeentzat. «Isilik eta pixkanaka ahalduntze maila garrantzitsua lortu dute, elkarte indartsua dute, eta ekimen ugari abiatu dituzte Euskal Herriko emakume baserritarraren errealitatea ezagutarazteko».
IZEN-EMATEA
Haurralde Fundazioa.
- Telefono zenbakia:
943-32 71 62.
- Emailak:
ong@haurralde.org
Malen Etxean Elkartea.
- Telefono zenbakia:
943-57 60 95/653-72 91 17.
- Emailak:
contacto@malenetxea.org
malen_etxea@hayoo.com.ar
Eraldatzen Elkartea.
- Telefono zenbakia:
685-72 07 23/695-78 67 59.
- Emailak:
eraldatzen@eraldatzen.info eta
asociacioneraldatzen@gmail.com