Gerra edo larrialdi egoeran dauden herrialdeetako haurrak udan egonaldia egiteko ekartzen dituzten Udal Elkarteko udalerrietako irabazi asmorik gabeko elkarteentzat diru-laguntzak ematea onartu du Urola Kostako Udal Elkarteak. Baita haurrak Urola Kostako eskualdera ekartzen dituzten eskualdetik kanpoko irabazi asmorik gabeko elkarteentzat ere.
Udako egonaldi horiek bi helburu nagusi izaten dituzte: alde batetik, herrialde horien egoera latza ezagutaraztea eta gure gizarte sentsibilizatzea, eta, bestetik, gurera etortzen diren haurren osasun egoera zaindu eta hobetzea. Hala,deialdi horrekin egoera horietan dauden herrialdeetako haurrak udan gure eskualdera ekartzea sustatu nahi du Udal Elkarteak.
Horretarako, 20.654,18 euro banatuko dituzte guztira eskatzaileen artean. Dena dela, legegintzaldi honetan Mendebaldeko Saharako haurren aldeko ekimenek lehentasuna izango dute eta haur horien egonaldietarako kopuru horren bi heren erabiliko dira.
Deialdia eta oinarriak martxoaren 7an onartu zituen Udal Elkarteak eta eskaerak aurkezteko azken eguna apirilaren 12a da.
Egonaldiak
Haurren egonaldiak ekainean hasi eta irailean amaitzen dira eta bi hilabete ingurukoak izan ohi dira. Azken urteetan kopuruak behera egin duen arren, oraindik ere haur ugari etortzen da gurera. Guztira, 2006tik 2012ra, 245 haurrek egin dute egonaldia gure eskualdean, horietatik 27k iaz.
Urola Kostako Udal Elkarteak elkarte horien lana eskertu eta goraipatu nahi du, izan ere, borondatezko lana egiten dute. Era berean, eskerrak eman nahi dizkie haurrak etxean hartzen dituzten familiei, erakusten duten elkartasun eta egiten duten ahaleginarengatik.
Saharautz elkartetik esan dutenez, desertuan bizi diren ume hauentzat funtsezkoa da uda mineko beroaldi itogarriari ihes egin, gure artera etorri eta mediku azterketak egitea. Benetan garrantzitsua da eurentzat bi hilabetez ondo jan eta pilak kargatzea, haiek gure etxe eta bihotzak umore, kolore eta goxotasunez betetzen dituzten aldi berean. Horrez gain, ukaezina da haur horiek direla herri zapaldu horren enbaxadorerik hoberenak, gaineratu dute Saharautzekoek.
Interesa dutenek, hemen dituzte haurrak eskualdera ekartzen dituzten elkarteen izenak eta kontaktuak:
Saharautz taldea:
686 569 033; txusmanterola@euskalnet.net
Txernobilen lagunak: 690 057 672; chernobilenlagunak@yahoo.es
Bikarte Ongintza Elkartea: 660 792 595; bikarte@yahoo.es;
www.bikarte.org
Asociación Chernobil Elkartea: 665 717 266; asociacionchernobilelkartea@hotmail.com; www.chernobil.org