Urte osoko egitaraua osatu dute Zarautzen Basarri omentzeko

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko martxoaren 15a

Ezkerretik eskuinera, Arrazola, Sagarna, Lopez de Etxezarreta, Berasaluze, Murua eta Mantxi ekimena aurkezten (Amaia Ventas/Hitza) Egitaraua APIRILA-MAIATZA
  • Hitzaldi- solasaldia. Basarriren kontalaritza lana, Nikolas Zendoia eta Pello Esnalen eskutik.
  • Hitzaldi- solasaldia. Basarriren kazetaritza lana, Joxe Mari Iriondoren eskutik.
  • Kontzertua. Zarautz Abesbatzako haurrek kontzertua eskainiko dute Torre Luzeako parkean, igande goiz batean.
  • Bertso jaialdia. Gu ere bertsotan eskoletako egitasmoaren amaiera jaialdia, maiatzaren 15ean udal kiroldegian.
UZTAILA
  • Udako kontzertua. Zarautz Abesbatzaren udako kontzertua, Basarriren omenez.
  • Bertso idatzien emanaldia. Motxian Bertso Eskolak antolatuta, Zarauzko Bertso Astearen baitan Basarriren bertso idatziekin emanaldia, Torre Luzeako parkean.
ABUZTUA-IRAILA
  • Basarri bertso paper lehiaketa. Gaia derrigorrezkoa jarriko da; «Basarri» izango da aurtengoa.
  • Bertso saioa eta plaka jartzea. Azken Portuko jaietako bertso saioa Basarrirekin lotuko da eta plaka oroigarria jarriko da Basarri bizi izan zen Azken Portu etxean.
URRIA
  • Hitzaldia. Basarri eta bertsogintza, Andoni Egañaren eskutik.
AZAROA
  • Azaroak 27. Basarriren jaiotzaren mendeurrena. Basarriri buruzko erakusketa irekiko dute Sanz Enean.
  • Azaroak 28. Euskaltzaindiaren Herri Literatura Batzordearen Basarri ekitaldia.
  • Azaroak 29.
-Basarritik Azken Portura ekitaldi nagusia. Bertsoa, irudia, musika eta antzerkia uztartzen dituen ikuskizuna,  Aritzbatalde kiroldegian. -Euskaltzaindiaren Osoko Bilkura.
  • Zarautz Abesbatzaren emanaldia. Aita Patxi Madinaren Arantzazu poemaren inguruan.
Iñaki Eizmendi Basarri (Errezil 1913-Zarautz 1999) jaio zela ehun urte beteko dira azaroaren 27an. Hori dela eta, idazle, kazetari, euskaltzain eta bertsolariaren lana  gogoratuko dute. Zarauzko Kultura Sailak eta Motxian Bertso Eskolak urte osorako egitaraua prestatu dute, Foru Aldundia, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea eta Zarautz Abesbatzaren laguntzarekin. Apirilean hasi eta azarora bitartean askotariko ekimenak izango dira herrian: hitzaldiak, kontzertuak, bertso jaialdiak, erakusketak eta beste. Basarriren ekarpena ez zela «nolanahikoa» izan esan zuten atzo aurkezpenean bildu zirenek.  17 urte zituela eta zerbitzaria zela, Basarriganako sentitzen zuen «miresmena eta gertutasuna» gogoratu zituen Gari Berasaluze zinegotziak. «Pozik nago konplizitate hura noraino iritsi den ikusita». Motxian Bertso Eskolak Basarriri egindako azken omenaldia gogoratu zuen Iñigo Manzisidor Mantxi-k, baita ekitaldian hark botatako bertsoaren hasiera ere: Geure buruaren jabe gera eta ez inoren maisterrak. Eskola etorkizuneko bertsolariak sortzeko tresna bada ere, geroa iraganik gabe ez dela posible nabarmendu zuen. «Basarriren lana estimua handian dugu, bertsolaritzari eta euskal kulturari egindako ekarpenagatik. Bertsolaritzan aurrera egin badugu lehengoengatik da». Besteak beste, Basarritik Azken Portura jaialdia antolatu du eskolak, bertsoa, irudia, musika eta antzerkia uztartuko dituen ikuskizuna. Azaroaren 29an izango da. «Haren ekarpenak oraindik ere aberastu egiten du gure kultura», esan zuen Iñaki Muruak, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak. «Aurrekoek egindakotik ere edaten dugu». Ildo horretatik, azaroaren 29ko ekitaldirako bere esku duen «guztia» jarriko duela esan du. «Galduezineko ondare inmateriala» omentzeko erakusketa antolatuko du, berriz, Eusko Ikaskuntzako Gipuzkoako lehendakariorde Joxe Mari Arrazolak. Egun bat geroago, Euskaltzaindiaren Herri Literatura Batzordeak Basarri ekitaldia eskaniko du, eta hurrengoan, berriz, Euskaltzaindiaren Osoko Bilkura egingo dute Zarautzen. Izan ere, Basarri ohorezko euskaltzale izan zela gogoratu zuen Andoni Sagarna Euskaltzaindiako ordezkariak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide