Esther Fernandez, Mikel Yerobi, Maite eta Itziar Elias eta Iñigo Aranbarri. (Ane Olaizola/Hitza)
[Ane Olaizola] Harrera familien inguruko bileretara joaten nintzenean, neure buruari galdetzen nion zergatik dagoen halako desinformazioa gaiaren inguruan.
Zergatik harrera familien kontua ez da beste modu batera lantzen?, galdetu nuen bilera batean. Aldundiko arduradunek erantzun zidaten hori gurasoen esku dagoela. Gaia gizartean zabaltzeko pertsonarik egokienak familiakoak ginela esan zidaten». Hortik abiatuta otu zitzation Itziar Elias azkoitiarrari harrera familiaren «inkognita» hautsi, eta gaia gizarteratzea. Eta emaitza esku artean dute dagoeneko:
Zuondoan proiektua gauzatu dute Itziar eta Maite Elias ahizpek, Mikel Yerobi zarauztarrak eta Esther Fernandezek. Proiektuaren bidez, gizartean «tabuak diren gaiak klixerik gabe eta baikortasunez» plazaratu nahi dituzte, dokumental sorta baten bidez. Lehen lana
Gu ere harrera familia gara dokumentala izan da, eta ikus-entzunezko lanarekin batera, Itziarrek eta Iñigo Aranbarri aktore azkoitiarrak
Maddi eta Antton antzezlana ere sortu dute.
Harrera familien gaia errotik lantzeko, gurasoen bizipenetatik harago joan nahi izan dute gazteek dokumentalean. «Halako esperientzia batean murgiltzean, norberaren ingurua asko bustitzen da. Gurasoek argi nolako pausoa emango duten. Baina familiakoek eta ingurukoek nola bizi dute hori?», galdetu du Maitek. Horregatik, umearen inguruko pertsonen testigantzak
eta ikuspuntuak jaso dituzte. Yerobiren arabera, «gaiak inguru osoa zipriztintzen duelako».
Bederatzi familia elkarrizketatu dituzte; tartean, Xabier Euzkitzerena eta Hodei Barrosorena, ezagunak aipatzearren. Lanaren helburua harreraren kulturari buruz hausnarketa eginaraztea da. Izan ere, gaiaren inguruan «ikaragarrizko desinformazioa» dagoela berretsi dute dokumentalarekin. «Jendeak ez daki zer diren harrera familiak, inguruan suertatzen ez bazaie behintzat. Guztiek ere antzeko esperientziak dituztela ikusi dugu: hasiera gogorra izan zuten, eta azkenean esperientzia positibotzat dute guztiek». Elkarrizketatutako pertsonek dagoeneko «naturaltasunez» hartzen dute gaia, baina atzera begiratu dute bizipenak kontatzeko. «Lortu duten pauso bakoitza asko baloratu dute; atzera begiratu, eta ohartu dira zenbat kosta zaien urratsak ematea. Orain hain da naturala, ez dira gogoratzen atzekoaz. Askok azpimarratu dute hartutako umeek etxea aberastu dietela», dio Itziar Eliasek. Etxean haur bat hartzeak inguruko pertsonen heziketan eragina duela azpimarratu dute dokumentaleko egileek. «Ordura arte oso urrutikoak ziren kontu askoz hitz egin behar izan dute, gai sozialen eta moralaren inguruan, batez ere. Erraz jorratzen ez diren gaiak dira, eta beste ikuspegi batetik begiratzen ikasi dute», dio Itziarrek.
Antzezlana, berriz, Haur eta Lehen Hezkuntzako umeei zuzenduta dago, eta Maddi harrerako umearen eta Antton anaiaren istorioa jorratzen du. «Oroitzapenen eta jolasaren arteko istorio bat da. Guztiok ez garela berdinak kontatzen da». «Sutileziaz eta naturaltasunez» jorratzen dute harrera familien gaia, Aranbarriren esanetan. Orain, ikastetxeetan taularatzeko asmoa dute.
Atzera begirada
Gipuzkoan Foru Aldundiari dagokio adingabeen segurtasunaren ardura. Hala, ongizatea bermatzeko Aldundiaren zentrotan bizi dira seme-alabak zaintzeko arazoak dituzten gurasoen umeak eta nerabeak. Aldundiaren ustez, umeak familia berriekin bizitzeko prest baldin badaude, familia boluntarioetara bideratzen dituzte. Oro har, ez dute harremana eteten familia biologikoarekin, eta aldiro bisitak egiten dituzte, hezitzaile baten zaintzapean.
Denbora zehatz bat igaro ondoren, kasuz kasu egoera aztertu, eta adin txikikoa familia biologikoarena itzultzea edo harrera familian modu iraunkorrean mantentzea erabakitzen du Aldundiak. Prozesu horretan, umeak aldaketa askori egin behar dio aurre. Hala nola, familiako «arauak eta ohiturak» barneratu behar dituzte, gainontzeko senideentzako «sinpleak» direnak. «Umeak ondo daude hezita, baina distantzia handiarekin bizi dira familia berrian. Guretzat oso ohikoa da zerbait behar dugunean etxeko armairua ireki eta hartzea, baina haientzat oso arraroa da. Zentroan hezitzaileenaga joan, eta galdetu egin behar baitute. Tontakeria dirudien arren, asko esan nahi du», adierazi du Itziar Eliasek.
Errukia uxatuz
Harrera familiak, ordea, ez dute adoptatzen. Bide horretatik, gizarteak duen ezjakintasuna da familientzat «oztoporik handiena», eta horri aurre egin nahi izan diote proiektuarekin. «Adopzioaren gaia oso normalizatuta dago. Kasu horretan, ez zaigu burutik pasatzen galdetzea zergatik ez dagoen adoptatutako umea bere familia biologikoarekin. Baina harrera familiena oso arraroa egiten zaigu, eta askotan galdera pertsonalak egiten du hainbat jendek; batzutan umearen aurrean, gainera», azaldu du Itziarrek. Urruneko gaia izanda ere, gertuko umeak dira, eta hori askorentzat «mingarria» dela gaineratu du. «Ez dugu ikusi nahi inguruko errealitatea. Errazagoa da Afrikara begiratzea, aldamenean bizi direnei baino. Umeak hemengoak direla esatea mindu egiten gaitu askotan». Adopzioa eta familia harrerak parez pare jartzeko gakoa, beraz, gaia gizarteratzea dela uste du azkoitiarrak. Halaber, herritarrek gaiaren inguruan sentitzen duten «errukia» uxatu nahi dute. «Alde iluna kendu nahi izan diogu, etxekoarentzat gauzarik normalena dela erakutsiz. Arazoa kalean dago, ez etxean». Hala, «kultura faltaren» aurrean, proiektuko kideei ere ikasteko balio izan diela nabarmendu du Fernandezek. Hori guztia kontuan izanda, lan «intimoa» egin dute: «Etxeko sukaldetik kontatutakoa da». Dokumentala hunkigarria dela aurreratu dute, eta gustura dira emaitzarekin.
Bihar aurkeztuko dute proiektua, eta han izango da, besteak beste, Irrian Lagunak kluba, proiektuaren laguntzaileetako bat baita. Beroa Gipuzkoako Harrera Familien Elkartea ere izango da aurkezpenean. Izan ere, gazteek dokumentala beren kasara egin badute ere, elkarteari eskainiko diote, hark hitzaldietan baliatzeko.