Itziar Atienza: «Elkarrekin pasatako gauek erakutsiko diete posible dela dena aldatzea»

Urola Kostako Hitza 2013ko martxoaren 14a

[Aritz Mutiozabal] Aurpegi ezaguna bihurtu da pantaila txikian zein handian. Azkenaldian, Bypass filmean hartu du parte, baita Bi eta bat telesailean eta Ai, ama! nahiz Vaya semanita telesaioetan ere. Dena dela, antzerkia «sekulako eskola» dela dio Itziar Atienza (Madril, 1977) aktore galdakaotarrak. Tanttaka taldearekin Ipar haizearen kontra ibili ondoren, Gau erdian antzezlan berria taularatzen ari da orain. Bihar gauean, 22:00etatik aurrera, Aita Mari antzokian ariko da, Iker Galartzarekin batera. Noraezean dabiltza Helena eta Bob, antzezlaneko bi protagonistak. Zergatik daude egoera horretan? 35 urteren bueltan dauden pertsonaiak dira, eta bizitzak ez die eman agian gazteagotan espero zutena. Emozionalki nahiko frustratuta daude. Helena —nire pertsonaia— abokatua den arren, emozio kontuetan zoritxarrekoa da. Bobek, berriz, helburu artistikoak zituen, musikari izan nahi zuelako, baina gaur egun trapitxero bat besterik ez da. Elkar ezagutzen direnean hori kontatzen dio batak besteari. Bakoitzaren porrotak partekatzen dituzte, eta abiapuntu horretatik berriz hasteko aukera ematen diote elkarri. Bi mundu guztiz ezberdin dira; bata, abokatua da, eta bestea, artista. Elkarren osagarriak izango al dira? Hori da harreman honek duen berezitasuna. Deskalabru horretan nola elkarren zerikusirik ez duten bi pertsonaiek bat egiten duten. Azkenean, horren ezberdinak ez direla konturatuko dira. Gau zoro bat pasatuko dute elkarrekin, eta gau horrek beste gau bat ekarriko du: San Joan gaua. Bi gau horiek argi erakutsiko diete posible dela dena aldatzea. Nolabait esateko, abiadura bizian doaz ihesi, baina momentu batean posible da gelditzea eta gauzak aldatzea. Aldaketak bien arteko maitasuna sortzen dela esan nahi al du? Horrela da, bai. Maitasuna oso modu naturalean sortzen da; hau da, espero ez duten zerbait bezala. Gau zoro bat izan eta sexua izan baino beste ezer dute bilatzen hasieran, baina harago zerbait gehiago dagoela ikusten dute, eta horri eusten diote. San Joan gaua magikoa dela, alegia. Gauza txarrak erretzeko gaua da, eta bide berriak hastekoa. Alde horretatik, beraz, badu balio sinbolikoa. Komedia girokoa den arren, krisi existentziala bezalako gai sakonago bati heltzen dio istorioak. Bai, eta doinu garratz batekin edo ironia kutsuarekin ukitzen du, gainera. Nolanahi ere, gai nahiko ezagunez ari da lana, urte tarte horren inguruan gabiltzanok buruan darabilzkigun zalantzak. Badauka izaera existentziala, nahiz eta oinarrian komedia den. Eta, aktore bezala, bat egiten duzu Helenarekin? Bat al zatoz berak  dituen zalantzekin? Jakina, denok egiten dugu. Lehenago edo geroagoa, tokatu egiten zaizu hortik pasatzea. Jorratzen ditugun gaiak oso identifikagarriak dira publikoarentzat, ez baitago ezer arrarorik, eta, ezbairik gabe, ni ere hortik pasatakoa naiz eta pasatzen ari naiz. Ez dakit inoiz gainditzen den, baina bizimodua hau guztia ote den galdetzen diozu  zure buruari. Eta antzezlaneko pertsonaiek horixe bera hausnartuko dute. Zorionez, konturatuko dira «hau al da guztia» bakarrik hiltzera zoazenean esan dezakezula. Beti daude etapa berri bat hasteko posibilitateak. Telebistan lan dezente egin duzu azken urteetan –Vaya Semanita saioan eta Bi eta bat telesailan, besteak beste–, baina antzerkian ere buru-belarri zabiltza. Zer izan da Gau erdian lana zuretzat? Antzerkia sekulako eskola da. Ipar haizearen kontra antzezlanarekin ibili nintzen biran aurretik, eta proiektu hau proposatu zidatenean erronka handia zela antzeman nuen; izan ere, antzezteaz gain, abestu eta gitarra jotzen du­gu oholtza gainean. Era berean, bi aktore gara bakarrik, eta biok batera ordu eta erdiko saioa eskaintzen dugu, aparteko laguntzarik gabe. Gainera, ni bi bertsioetan ari naiz; euskarazkoan Iker Galartzarekin eta gaztelaniazkoan, berriz, Iñaki Fontekin. Beraz, erronka ikaragarria izan da, eta aktore bezala hazi egin naizela konturatu naiz. Oraindik asko dut ikasteko, baina niretzat luxu bat izan da. Jatorrizko antzezlana Midsummer (A play with songs) izenburua darama. Euskaraz abesteari buruz ezertxo ere ez badu esaten ere, antzezlan musikatua izango da, ezta? Sei pieza daude antzezlanean, eta nik pare batean bakarrik abesten dut; gainerakoak Galartzak eta Fontek abesten dituzte gitarrarekin lagunduta. Musika jatorrizkoa da,  antzezlanerako propio sortua, eta guk euskarara eta gaztelaniara moldatu ditugu. Istorioaren  zati batzuk abestien bitartez kontatzen dugu. Oso abesti xumeak eta arinak dira, eta, nolabait ere, antzezlanaren erritmo biziari laguntzen diote. Kontatzeko modua ere berezia da.  Ohikotik aldentzen al da? Istorio osoa guk biok kontatzen dugu, baina ez dago laugarren hormarik, eta denbora guztian publikoari zuzentzen gatzaizkio. Narratzeko modua diferentea da, eta publikoari arraro egiten zaio hasieran. Koadrilarekin sagardotegian baldin bageunde bezala da; hau da, lagunen artean nola ezagutu genuen elkar kontatzen ari bagina bezala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide