Danbolin Musika Eskolak urtetako ohiturari jarraituz musika astea antolatu du, 26.a izango da aurtengoa eta 200 ikaslek baino gehiagok hartuko du parte. Helburu pedagogikoarekin antolatu dute astea eta ahalik eta ikasle gehienek jo eta abestu dezaten saiatzen dira Musika Eskolakoak. Senideak ez ezik, Musika Eskolako ikasleak ere gonbidatu nahi dituzte Kultur Etxean izango diren beste emanaldiak entzutera besteak beste besteek nola jotzen duten ikusteko, hainbat estilo entzuteko, musika aditzen ikasteko, baita kontzertuetako jarrera egokia izan behar den jakin dezaten. Emanaldi guztiak Kultur Etxean izango dira.
Aurten musika-mintzairakoek –solfeokoek– kontzertu bakoitzeko zati bat hartuko dute, ikasgaiari duen izen txarra kentzeko-edo, dio Elena Errasti Danbolin musika eskolako zuzendariak. Musika mintzairako ikasleak kantuan arituko dira instrumentuen laguntzarekin: eskusoinua, klarinetea, saxofoia, pianoa, trikitixa, panderoa, gitarra klasikoa, perkusioa, tronpeta, gitarra elektrikoa, txistua, biolontxeloa, biolina eta flauta. Obraren bat edo beste, instrumentu bakarrarekin izango da, baina gehienetan instrumentuak nahastuko dituzte. Estiloei dagokienez, askotariko musika entzuteko aukera emango dute: klasikoa, herrikoia, modernoa...
Ganbera taldea
Musika astea amaitzeko Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioko ganbera taldeak eskainiko du kontzertua 21ean. Kontzertu horrek Danbolineko ikasleei musika ikasketen ibilbidea erakustea du helburu: musika ikasketak ez dira Orion amaitzen eta profesionalizatu daitezkeen ikasketak badirela jakingo dute ikasleek, dio Elena Errastik.
Musika asteko egitaraua
- Martxoak 15
18:00etan: musika mintzairako 4. kurtsoko ikasleak eta 3. mailako gazteak.
- Martxoak 18
18:00etan: prestakuntza eta musika mintzairako 1. kurtsoko ikasleak.
- Martxoak 19
18:00etan: musika mintzairako 2. kurtsoko eta 3. kurtsoko ikasleak.
- Martxoak 20
18:00etan: Tailerreko ikasleak.
19:00etan: 3. mailako ikasle helduak.
- Martxoak 21
18:30ean: Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioko ganbera taldea.