'Gau erdian' antzezlana taularatuko dute etzi, Aita Mari antzokian

Aritz Mutiozabal 2013ko martxoaren 13a

'Gau erdian' antzezlana (M. Diaz de Rada)   Antzerkia «sekulako eskola» dela dio Itziar Atienza (Madril, 1977) aktore galdakaotarrak. Tanttaka taldearekin Ipar haizearen kontra ibili ondoren, Gau erdian antzezlan berria taularatzen ari da orain. Etzi gauean, 22:00etatik aurrera, Zumaiako Aita Mari antzokian ariko da, Iker Galartzarekin batera. Hona hemen biharko egunkaria argitaratuko dugun elkarrizketaren aurrerapena Noraezean dabiltza Helena eta Bob, antzezlaneko bi protagonistak. Zergatik daude egoera horretan? 35 urteren bueltan dauden pertsonaiak dira, eta bizitzak ez die eman agian gazteagotan espero zutena. Emozionalki nahiko frustratuta daude. Helena –nire pertsonaia– abokatua den arren, emozio kontuetan zoritxarrekoa da. Bobek, berriz, helburu artistikoak zituen, musikari izan nahi zuelako, baina  gaur egun trapitxero bat besterik ez da. Elkar ezagutzen direnean hori kontatzen dio batak besteari. Bakoitzaren porrotak partekatzen dituzte, eta abiapuntu horretatik berriz hasteko aukera ematen diote elkarri. Bi mundu guztiz ezberdin dira; bata, abokatua eta bestea, artista. Elkarren osagarri izango al dira? Hori da harreman honek duen berezitasuna. Deskalabru horretan nola elkarren zerikusirik ez duten bi pertsonaiek bat egiten duten. Azkenean, horren ezberdinak ez direla konturatuko dira. Gau zoro bat pasatuko dute elkarrekin, eta gau horrek beste gau bat ekarriko du: San Joan Gaua. Bi gau horiek argi erakutsiko diete posible dela dena aldatzea. Nolabait esateko, abiadura bizian doaz ihesi, baina momentu batean posible da gelditzea eta gauzak aldatzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide