Jasaten ari garen krisialdia bosgarren urtera heltzen ari da eta ez dirudi azkar amaituko denik. Langabezia inoiz ezagutu ez dugun mailetara heltzen ari da eta gizartearen kopuru handi bat pobrezia mailaren azpitik bizi da. Zumaia ez dago egoera honetatik kanpo: gero eta jende gehiagok eskatzen du laguntza eta hitz egin dugun eragileen ustetan, eskatzaileen kopuruak gora egingo du datozen urteotan. Ez dirudi zaparradak baretuko duenik. Martxoko Baleike aldizkarian erreportaje zabala osatu dugu –kioskoan dagoeneko–, datu eta eragileen iritziekin (janari bankua, Caritas, Kaleratzeak Stop, Udaleko Gizarte Zerbitzuak). Hemen aurrerapena:Zumaia ez dago uholde honetatik salbu. Agian Euskal Herriko beste zenbait herritan edo hiriburutako auzoetan bezainbat ez oraindik, baina krisiaren eraginak gero eta nabariagoak dira hemen ere. Langabeziaren kopurua gorantz doaz etengabe (2006. urtean 314 langabetu zeuden Zumaian; 2013ko urtarrilean, berriz, 683), gero eta enpresa gehiagok itxi dituzte ateak eta oraindik lanpostua dutenen lan baldintzak (eta soldatak) gero eta kaxkarragoak dira. Horren guztiaren ondorioz, gero eta herritar gehiagok jo behar izan dute Administraziora eta gobernuz kanpoko erakundeetara laguntza eske.Oinarrizko errenta eskatzen duten herritarren kopurua boskoiztu egin da krisiaren ondorioz. Janari bankura edo Caritasera laguntza eske doan jende kopuruak ere gora egin du. Askok familiaren sostengua behar izaten dute hilabete amaierara heltzeko. Etorkizun hurbil batean tunelaren amaieran argi izpiak ikusi beharrean, egoerak okerrera egingo duelakoan dira asko. “Uste dut etorkizunean gero eta bertako jende gehiago etorriko dela laguntza bila”, dio, adibidez, Caritaseko boluntario Arantxa Florezek.
Krisiaren gogortzearekin eskatzaileen kopuruak gora egin du eta Eusko Jaurlaritzak prestazioak eskuratu ahal izateko baldintzak aldatu eta hein batean gogortu egin ditu. “Adibidez, oinarrizko errenta deitzen zaiona eskatu ahal izateko, lehen urtebetez erroldatuta egon behar zuen eskatzaileak. Baldintzak aldatu eta gero, eskatzaileak urtebetez erroldatuta egon dela ziurtatu behar du, baina baita denbora horretan lan kontratu bat izan duela; lanik ezean, hiru urtez erroldatuta egon behar du laguntza eskatzeko”, dio Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzutako teknikari Pili Alberdik. Lehen laguntzak jasotzen zituzten pertsona batzuk kanpoan geratu dira orain, eskatzaileen kopuruak gora egin duelako.
Zumaiako kasuan, oinarrizko errenta jasotzen duten bizilagunen kopurua boskoiztu egin da krisia hasi zenetik. 2007ko amaieran 28 bizilagun edo familiek jasotzen zuten prestazio hau; 2012ko abenduan 134 dira laguntza hau jaso dutenak. “Kopurua handia da. Hau da errealitatea. Eta kontuan hartu behar da jende bat kanpoan geratu dela baldintzak betetzen ez dituelako”.