Emakume etorkinen pertsonekin lan egiten duen Malen Etxea elkarteak hamar urte bete ditu, eta urteurrenarekin batera bere helburu nagusienetariko bat bete du: emakume etorkinei babesa emango dion etxebizitza bat abian jartzea. Zestoako Arteaga kalean dago, eta aurreko urteko irailetik martxan bada ere, gaur aurkeztuko dute ofizialki, 18:30ean, Zestoako kultur etxean.
Zestoako Arteaga kalean dute martxan aterpetxea. (Ane Olaizola/Hitza)
Jarduera ekonomikoaren ondorioz etxebizitza ordaintzeko baliabiderik ez duten emakume etorkinak hartuko ditu aterpetxeak. «Irizpideak argi zehaztu ditugu, eta, esaterako, aterpetxea ez da izango indarkeria matxista jasan edota marginazio arriskuan daudenentzat; horientzat beste baliabide batzuk badaude», adierazi du elkarteko kide Silvia Carrizok. Lanpostua galdu eta bestek bat aurkitzeko zailtasunak dituztenak biziko dira bertan. Etxebizitza «xumea» bada ere, oinarrizko baliabideak izango dituzte bertan: egunero logela bat, janaria eta dutxa bat izango dute.
Sei lagunentzako lekua du etxebizitzak, eta dagoeneko beteta dagoela adierazi du Carrizok. Hasiera batean, gehienez hiru hilabeteko epea zehaztu zuten bakoitzarentzako, baina «egungo egoerak» epea moldatzera bultzatu ditu elkarteko kideak. Azkenean, gehienez ere urtebetez egon ahalko dute bertan emakumeek. «Hasieran uste genuen hiru hilabeteren ondoren emakumeen egoera aldatuko zela, baina praktikan ikusi dugu ez dela hala; guztiak ez, baina kide batzuk denbora gehiago behar dute. Lana egiten duten arren, oso diru gutxi jasotzen dute, edota ordezkapenak egiten dituzte». Kasuak banaka aztertu, eta egonaldiaren iraupena hala erabakiko dute.
Emakume etorkinentzako aterpetxea lortzeko proiektua joan zen urtean hasi zuten, eta Zestoako parrokiaren bidez gauzatu dute. «Etxebizitza Zestoako parrokiarena da, eta hutsik zegoen. Kristau ikuspegitik, kontraesana iruditzen zitzaien krisi garaian etxebizitza hutsik egotea, eta gurekin gogoratu ziren». Elkartearen oinarrizko asmoetako bat izan da aterpetxea izatea, «zoritxarrez beharrezkoa delako gizartean». Hori hala, taldekideentzat «poz handia» izan da proiektua gauzatzea. «Elkartea sortu genuenean Malen Etxea izena jarri genion. Etxebizitzaren beharra azpimarratu nahi genuen horrekin. Etxebizitzari, familia eta topagune izateko zentzua eman nahi diogu».
Urteurrreneko ekitaldiak
Gaurko aurkezpenean egitasmoaren eta elkartearen nondik norakoak azalduko dituzte, baina taldearen urteurrenaren harira, beste hainbat ekimen izango dira; hala, aurkezpenarekin batera
Compañeras de viaje dokumentala eskainiko dute gaur kultur etxean; bihar ere eskainiko dute dokumentala, baina Zumaiako Alondigan. Ordu berean izango da emanaldia.