Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia Sanagustin kulturgunean, Oihana Elduaien kazetariarekin.
Lau urte elkarrizketarik eman gabe egon dela esan zuen atzo Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak Azpeitian, Sanagustin kulturgunean. Aho bizarrik gabe solasaldi zikloan hartu zuen parte eta Oihana Elduaien
Berriako kazetariarekin jardun zuen hizketan. 200 lagun inguru bildu zen. Irakasle ari da Ameriketako Estatu Batuetako unibertsitateetan, "azken boladan eurorik ez dut kobratzen, dolarretan kobratzen dut eta zergak bai Estatu Batuetan eta bai Euskadin ordaintzen ditut". Laudion bizi da, baina urtean zortzi bat aldiz joaten da AEBra.
Gaur eguneko bizitza
"Orain emaztea eta biok bizi gara ia-ia bakarrik, gure bizitzan bigarren etapa bat da, eta polita". "Urtero ia-ia zortzi aldiz joaten naiz Ameriketara, batzutan emaztea etortzen da nirekin, baina gehienetan bakarrik joaten naiz. Baina, Laudion bizi naiz, betiko lagunekin...". Lehendakaria zela ere, familiak asteburuak Laudioko etxean pasatzen zituela gogorarazi du. "Emazteak Laudioko etxea inoiz ez ixteko erabakia hartu zuen, eta ostiraletan, asteburua pasatzera, hara joan ohi ziren emaztea eta alabak hango bizimoduarekin etenik ez izateko. Emazteak hartutako erabakia benetan ona izan zen".
"Azken lau urteotan ez dut elkarrizketarik eman, pentsatzen dudalako, bizitzan zarata egin barik sartu behar dela eta baita irten ere. Lehenkaritza utzi eta gero, bizitza berrira moldatzeko zenbat denbora beharko nuen galdetu zidan kazetari batek. Nik, Gasteiztik Laudiora autoz joaten tardatzen dena beharko nuela erantzun nion, eta hala izan zen". Bizitzan nostalgiarik ez dela eduki behar uste du Ibarretxek.
Politika
"Zer da politika? eta, zer da politika egitea? Euskadin Euskadiri buruz asko hitz egiten dugu eta kanpoan gutxi. Nik uste dut gero eta gehiago hitz egin behar dugula kanpoan Euskadiri-Euskal Herriari buruz. Geure herria, geure hizkuntza, kultura munduko plazan kokatzea da nire lana, baina kasu honetan agenda akademikoan ipiniz. Bizitzan dena da politika egitea, politika egunero egiten dugu".
Agirre Lehendakaria Center-en lana. Ibarretxe da bertako zuzendaria.
"Agirre Lehendakaria Center-en lana azken boladan zuzendu dudan proiektu baten jarraipena da. Ni euskal kasua eta giza garapen iraunkorrari buruz ikerketa bat zuzentzen hasi nintzen, gure herria munduko plazan definitu eta kokatzeko; Europako herririk zaharrenetako bat kontzeptu berri bat defendatzen: giza garapen iraunkorra. Kontraesana ematen du, baina ez da. Munduan norberaren identitatean sakontzea ez dago lotuta bakarrik nazio baten ideiarekin, nahiz eta ados egon edo ez, ekonomiarekin eta giza garapen iraunkorrarekin ere lotuta dago. Identitatea defendatzea ez da iragana defendatzea, etorkizuna defendatzea da; ez da bakarrik gauza politiko bat defendatzea, enplegua, aktibitatea defendatzea da. Norbere identitatea ukatzea txarrerako da; Columbiako, New Yorkeko eta Whasingtoneko adituek ere hori horrela dela diote. Euskal kasuan identitatea, nazio baten ideia hori, giza garapen iraunkorraren atzean dagoen gauza bat dela ikusten da. Orainarte ikerketa lana Ameriketako Columbiako eta George Masoneko unibertsitateekin egin dut, orain Euskal Herriko Unibertsitatea ere proiektuan sartu da".
Bi ikerketa lan
Bi ikerketa lan ditu eginda, baina aurrenekoa ez zuen aurkeztu, ezustean Eusko Jaurlaritzara joateko Ardanzaren deia jaso zuelako. "1995ean, tesis bat neukan matrikulatuta unibertsitatean,
Financiacion Municipal gai hartuta. Baina, Ardanzak deituta gobernuan sartu nintzen, ustekabean. Ameriketara joateko proiektua neukan, baina hura utzi eta gobernuan hasi nintzen, lehendakariordetzan eta ogasunean. Behin kontseilari izanda, moralki ezinezkoa zen tesi hura irakurtzea, justu gaia nire konpetentziakoa zelako. Proiektu hura utzi egin nuen, pena handiz. Baina, nire bizitzan beste ikerketa bat egiteko aukera eduki dut EHUn. Bigarren honetan beste bat izan da gaia, geure herriari buruz eta giza garapen iraunkorrari buruzkoa. Tesi hori AEBko unibertsitateekin lan egiteko abiapuntua izan da".
Bi ikerketa hoiekin, urteotan ikerlarien lana nola aldatu den ikusteko aukera izan duela dio Ibarretxek. "Nik lehen tesia egin nuenean informazio falta nuen eta udaletxez udaletxe alkateekin eta idazkariekin apunteak hartzen ibili nintzen. Garai hartan, informazio falta ezagutza falta zen. Azken ikerketan kontrakoa ikusi dut: orain informazioaren abundantzia da ezagutza falta. Internetekin eta teknologia berriekin izugarrizko informazio piloa dago eta momentu honetan klabea informazioa aukeratzea da".
Gizarte globalean lokala zaindu beharra: "Lokala unibertsala aberasteko bide bakarra da"
"Kulturari dagokionez eztabaida faltsua dugu eta nik uste dut desmitifikatu egin behar dugula eztabaida hori. Guk aportatzen ez badugu geurea, propioa eta desberdina, kultura unibertsala ez litzateke aberasgarriagoa izango, pobreagoa baizik. Globalizazio proiektu injustu honen atzean identitatea eta kulturak suntsitzea dago, merkatu bat eta bakarra eraikitzeko. Gure kasuan hori ikusi eta ikasi dugu. Geure identitatea defendatzea, geure ekonomia eta geure garapena defendatzea izan da, eta norberak ez badu aportatzen berea, kultura unibertsala ez da izango aberasgarriagoa. Lokala unibertsala aberasteko bide bakarra da. Guk, gure kultura eta gure herria munduan kokatzea oso inportantea da, ez bakarrik helburu politiko batzuk lortzeko, ekonomia arloan, sozialean... giza garapen iraunkorra lortzeko. Guk gure identitatean sakontzen ez badugu, politika eta ekonomia arloan jai dugu. Proiektu ekonomiko eta sozial baten atzean dagoena ez da identitatea ahaztea, baizik eta identitatean sakontzea".
"Gaur eguneko globalizazio honen atzean identitateak suntsitzea dago. Ematen du aireportuan gaudela, denak igoalak dira... Horixe da batzuk egin nahi dutena. Krisi ekonomikoa ez da globala, baloreen krisia da globala dena. 2012. urtean hazkunde ekonomikoa eduki genuen munduan zehar, 3.5. Biztanleriaren hazkundea, %1 izan zen. Aberatsagoak gara, 2.5 gehiago dugu. Baina, arazoa ez da hazkunde ekonomikoa, banaketa da arazoa. Arazo hori gainera ez da XXI. mendekoa, XX.ean, XIX.ean edo Erdi Aroan ere gauza bera gertatzen zen. Baina, desberdintasunak daude herrien artean".
"Europan bereziki zein da gure arazoa, lehenengo aldiz ez gaudela banaketan. 2010 eta 2020. urte artean hazkunde ekonomikoa herrialde ez garatuetan %70ekoa izango da eta herri garatuetan %30a. Aldaketa banaketan dago. Makroekonomikoki ari naiz, beste gauza bat baita mikroekonomia".
"Aldatu egin behar dugu, posible da beste mundu bat eraikitzea, baina ekonomia kontzeptutik etika ekonomikorako trantsizioa egin behar dugu. Orainarte erabakiak beti agenda ekonomikoa kontutan hartu ditugu. Orain, beste agendak txertatu behar ditugu, agenda ekonomikoaz gainera, sozio-kulturala eta ingurumenekoa. Hiru agenda hoiek integratzean dago gakoa. Horretarako bidea ezagutza da".
Ibarretxe Planaz. "Etorkizuna Euskadin dago"
2004an onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Ibarretxe Plana izena ez du gustuko, "izen hori Espainiako medioek jarri zioten, gutxiesteko eta pertsonalizatzeko. Proiektu honen atzean gehiengo absolutua zegoela ez ikusteko jarri zioten izena. Estatutu berria onartuta dago legebiltzarrean. Euskadin baietz esan genion, baina Espainian ezetz. Guk atea ireki genuen, baina atzeruntz ez aurrerantz begiratu behar dugu. Gaur egun gauzak egiteko dauden oinarriak ikaragarriak dira, bake prozesua, lasaitasuna, gauzak erabakitzeko eskubidea... Gainera, munduan zehar demokrazia, demokrazia da".
"Ni baikorra naiz, eta guregan konfidantza gehiago eduki behar dugunaren ustekoa. Euskadiren etorkizuna ez dago Madrilen edo Bruselan, Euskadin dago, geure esku dago, eta guk nahi badugu egingo dugu. Ez dago konstituziorik, ez legerik, hemen geure artean geuk nahi duguna egitea oztopatzeko. Beraz, aitzakirik ez, guk gehiengo sendo bat edukitzen badugu, egingo dugulako".
Espainiako Gobernuarekin ez da akordiorik behar? "Beti prest egon behar da akordioak egiteko, baina guk geuk erabaki behar dugu. Geure esku dago, horregatik pentsatzen dut geuregan konfidantza gehiago eduki behar dugula, hori gauzak egiteko ezinbestekoa da". "Guk gehiengo sendo bat badugu gizartean ez dut uste oztoporik dagoenik".
"Autogobernu gehiago, ongizate gehiago"
"Autogobernu gehiago, ongizate gehiago, hori horrela izan da. Nik euskal kasuari buruz egindako ikerketa horretan ere hala ikusi dut. Adituek, ikertzaileek ere horixe diote. Etorkizunari begira ere horrela izango da. Krisi honetatik ateratzeko, geure papera egiteko, munduko plazan kokatzeko, gure hizkuntza, kultura, ekonomia, proiektu propio bat ipini behar dugu mahai gainean. Horretarako, nola ez, konpetentziak eduki behar ditugu, elkarbizitza beste identitate batzuekin bai, baina geure identitatea ukatu gabe. Guk gure bide propioa egin behar dugu, gure proiektu propioarekin; ekonomia aldetik ere, geure erdu propioa eduki behar dugu munduan zehar".
"Beste herri bat Europan". "Okerrena dependientea izatea"
"Nire nahia da beste herri bat izatea Europan. Momentu honetan arazoa ez da independientea ez izatea, dependientea izatea da arazoa.Herrio batentzat gauzarik txarrena dependientea izatea da. Europar Batasuna independientziak konpartitzea da, eta nik Europar Batasunean nire subirotasuna konpartitu nahi dut beste herriekin. Nik Europar Batasunaren dependiente izan nahi dut, baina beste herriek baino depentzia gehiago ez dut izan nahi. Eta nik uste dut hori posible dela Europar Batasunean".
"Inoiz eduki dugun egoerarik politena"
"Nik uste dut gaur egun daukagun egoera pertsona guztientzako giza eskubideak defendatzeko oso interesgarria dela. Inoiz eduki ez dugun egoerarik politena da, printzipio etikoz erabakitzeko, printzipio demokratikoz erabakitzeko eta giza garapen iraunkorra lortzeko. Izugarrizko aukera daukagu gauzak egin eta ikasteko. Gainera, Euskal Herrian gauzak erabakitzeko dugun eskubidea ez da bakarrik inportantea politikoki, ekonomikoki eta sozialki ere garrantzitsua da. Ezin dugu ahaztu, Erkidegoan lehenengo bi partiduak abertzaleak direla. Asko dago egiteko, baina konfidantza dut egingo dugula".
Aholkurik ez dio eman nahi gaur egungo Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, "nire garaia pasatu zen, ni irakaslea naiz momentu honetan eta pentsatzen dudana esaten dut. Konfidantza osoa dut beraiengan eta espero dut gauzak ondo egitea".
Korrupzioa: "Oso urgentea da politikoek herritarren konfidantza berreskuratzea"
"Politika munduan jende asko ezagutu dut, asko pertsona onak. Nik uste dut oso urgentea dela politikoek herritarren konfidantza errekuperatzea, bide horretan ikusten dudan modu bakarra formakuntza da. Oso garrantzitsua da ezagutza izan eta pertsona kritikoak izatea, hoiekin urruntzen baitira korrupzio politikoak, ekonomikoak eta demokratikoak. Euskal gizartean geure alde duguna jendearen formakuntza da, eta nik uste dut hori oso inportantea dela".
Euskara, ez jakitetik alabekin euskaraz egitera
"Euskara niretzako bizitza proiektu bat izan da. Nire familian gazteleraz hitz egiten genuen, unibertsitatean ere bai. Unibertsitateko bosgarren urtean ikasleon artean talde bat osatu genuen euskara ikasteko, gure arteko bat aukeratu genuen irakasle eta Euskalduntzen Bat-ekin hasi ginen. Baina, ondoren, 40 urterekin euskara ikasten hasi nintzen. Uste nuen ezinezkoa zela euskara, hizkuntza berri bat, ikastea. Baina, ez da horrela izan".
"Nik maite dut euskara, eta maitasuna bizitzan edozer gauza lortzeko benetan inportantea da. Nire esperientzia ikaragarria izan da: alaba nagusiak 27 urte ditu orain, berak 19 urte izan arte dena erdaraz egiten genuen. Baina, azken zortzi urteotan gure bizitza euskaraz egiten dugu. Seguraski euskararen proiektua nire bizitzan inportanteena izan da eta zorte ona izan dut, hemengo bat irakasle izan dut: Ana Bastida, Urrestillakoa, itzal handiko emakumea. Beste getxotar bat ere izan nuen irakasle. Urtero, abuztu oro, baserri batean egoten nintzen euskara ikasten; benetan, oso oroimen politak dauzkat".
"Kargu publiko bat hartu nuen eta ezinbestekoa nuen herri honen hizkuntza menperatzea. Arazoa ez da eleaniztasuna, arazoa elebakarra izatea da. Hizkuntza bakarra hitz egiten baduzu, oso zaila egiten da besteen kultura onartzea. Nik hala esaten diet amerikarrei".