XX. Diego Garciaren Oroimenezko Azkoitia-Azpeitiaren aurkezpena. (Nerea Uranga/Hitza)
Aurrekontua %15 jaitsita antolatu dute XX. Diego Garciaren oroimenezko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia. Martxoaren 23an da lasterketa, 16:30ean, Azkoitiko Julio Urkijo kaletik irtenda. «Diru laguntzak jaitsi dira, baina hala ere goi mailako proba antolatzeko apustuari eutsi diogu. Aurrerantzean ere probaren filosofia mantentzeko ahalegina egingo dugu, egoera berrietara moldatuz. Aurtengo aurrekontua 72.600 euro ingurukoa izatea espero dugu», esan du probaren aurkezpenean Agustin Jimenez Azkoitia-Azpeitia Xeye Atletismo Taldekoak. Dena den, proba laguntzen duten babesleak eskertu dituzte. Horiez gain, Azkoitiko eta Azpeitiko ehun merkatalgunek baino gehiagok probari laguntza ematen diotela azpimarratu du. Probaren egunean, berriz, ia 300 lagunek jarduten dute boluntario lanean.
Hogeigarren aldi honetan ere, Gipuzkoako Maratoi Erdiko txapelketa jokatuko da eta Asier Cuevas Azpeitian bizi den eibartar atleta omenduko dute irteeran, «atleta handia izateaz gainera, pertsona handia delako». Azkoitia-Azpeitia proban askotan parte hartu du Cuevasek, eta erbi lanean ere jardun du. Cuevasek berarekin akordatzeagatik eskerrak eman dizkie probaren antolatzaileei. Aurten, atleta gipuzkoarrekin taldean irtengo duela aurreratu du eibartarrak.
Cuevasek maratoi erdian parte hartuko du, baina nazioarte mailako izen handi batzuk ere izango dira. Gizonezkoetan, Azkoitia-Azpeitian bi urtez bigarren egin duen Mark Kiptoo, Joseph Ebuya eta Atnthony Maritim keniarrak, Yonas Kifle eritrearra, Aschalew Neguse Meketa etiopiarra, eta, Pedro Nimo del Oro eta Eliseo Martin Omenat espainiarrak. Emakumezkoetan, berriz, Joshepine Jepkoech keniarra eta Tsgereda Girma etiopiarra eta Elena Espeso eta Yesenia Centeno espainiarrak. Ebuyak krosean-eta ibilbide oparoa du, baina aurreneko maratoi erdia Azkoitia-Azpeitikoa izango du, «beraz, ikusteko dago maratoi erdian zer lan egiteko gai den».
Nesken parte hartzea eraginez
Azkoitiko eta Azpeitiko udaletako kirol zinegotziek, proba antolatzen parte hartzen dutenen lana goraipatu dute. «Goi mailako eta herri mailako lasterkariak lotzen dituen proba da, hori lortzeko antolatzaileek egin ohi duten lana eskertzekoa da», azaldu du Manuel Unanue Azpeitiko kirol zinegotziak. Horrez gain, aurten emakumeen parte hartzea sustatzeko antolatzaileek egindako ahalegina ere nabarmendu du Unanuek.
«Azpeitia eta Zarautz arteko 30-40 emakumeko taldea animatu da proban parte hartzera. Era horretan, inguruan lasterka aritzen diren emakumeak erakarri nahi ditugu lasterketara», azaldu du Xeyekoak.
Ostiraletik 5 euro garestiago
Maratoi erdian izena emateko aukera iazko azaroan zabaldu zuten eta dagoeneko 800 bat lasterkarik eman dute. Baina, jendea beti azken egunera arte egoten dela-eta horrek proba antolatzeko lanetan sortzen dituen oztopoak ekiditeko, ostiraletik aurrera izena ematen dutenek 5 euro gehiago ordaindu beharko dituzte. Izena, Internetez
www.azkoitia-azpeitia.com lasterketaren webgunean edota
Kirolprobak.com-en eman daiteke, martxoaren 21a bitartean. Bestela, Azpeitiko Aitzaki eta Aradi kirol-dendetan edota igerilekuan eta Azpeitiko Plaza Berri Sporten edota Elkargunean eman daiteke izena. Parte-hartzaileek probaren bukaeran elikagaiekin osatutako poltsa eta galtzerdi parea jasoko dituzte opari. Gizonezkoek aldagelak Azpeitiko igerilekuan izango dituzte eta emakumeek Azpeitiko Ikastola Ikasberrin.
7,5 kilometro, proba herrikoia
Maratoi erdiarekin batera 7,5 kilometroko lasterketa herrikoia ere antrolatu dute martxoaren 23rako. Proba hau, maratoi erdia baino ordu laurden lehenago (16:15ean) hasiko da Azkoitiko Julio Urkijo kalean. Parte hartu nahi dutenek martxoaren 21a baino lehen eman behar dute izena, maratoi erdirako eman behar den tokietako batean. Kasu honetan, ostirala baino lehen izena ematen ez dutenek parte hartzeko hiru euro gehiago ordaindu beharko dituzte.
Lasterketa herrikoiaren bidea maratoi erdiaren ibilbidetik izango da, eta dortsal urdina izango dute.
Txipak eta dortsalak lasterketaren egunean jaso beharko dituzte parte-hartzaileek, irteeraren tokian (Azkoitiko Julio Urkijo kalean), eguerditik 16:15ak bitartean.
Aurten ere 3 urtetik 10 urtera arteko haurrentzako ludoteka zerbitzua jarri dute, Azpeitiko Txiki Txoko ludotekan. Zerbitzua erabili nahi dutenek aurrez Azpeitiko kiroletako bulegora jo behar dute, 943 150095 telefonora deituz.