Atzo hilabete eraman zuen luizi handi batek Martirietarako GI-3172 errepidea, eta ordutik hamaika arazori egin behar izan diete aurre bertako baserritarrek. Arazo horiek eta kezkak entzun zituzten herenegun iluntzean Pello Bastarrika alkateak eta Inaxio Gorosabel zinegotziak, auzoko bizilagunekin egin zuten lehenengo bileran. Martirietako elkartean bildu ziren udaleko bi ordezkariak eta 25 bizilagun inguru. Udalak egoeraren berri eman zien bertaratu zirenei.
Gorosabelek berretsi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiarena dela GI-3172 errepideko kalteen eta haien eraginez sortutako albo ondorioen ardura, «teorian». Hain zuzen, lau albo ondorio sortu ditu lur-jausiak. Batetik, Lapatza baserritik San Juan oilo-granjara bidea egokitu behar izan dute. Gorostarbeko pista, berriz, makinen joan-etorriak kaltetu egin du. Horrez gain, ordezko bidea egiteko Rezola eremuan lanak egin dituzte. «Udalaren asmoa horien ardura ere Aldundiak bere gain hartzea da». Horretarako, ordea, kalteak luiziak eragindakoak direla eta, beraz, aurretik ez zeudela frogatu, eta Aldundiarekin adostu beharko dute. Kalteok 30.000 euroko kostua dutela argitu zuen zinegotziak, eta udalak ezin diola horri aurre egin nabarmendu.
Martirietako bizilagunak, Gorosabel eta Bastarrikaren azalpenak entzuten, herenegun. (Ane Olaizola/Hitza)
Bideez gain, baso eta zelaietan ere kalteak eragin ditu luiziak, eta haiek garbitzeko lanak egin dituzte. Amustegi baserriko Jose Javier Aramendik, esaterako, hektarea bat galdu du luiziaren eraginez. Gainera, azken hilabetean egin dituzten lanen ondorioz, beste bi hektarea kaltetu direla adierazi du: «Beste bi urtean ez da belarrik haziko». Batez ere pagoak eta haritzak galdu dituzte; «urte askotako lana», honen arabera. «Galera ekonomikoa ez da horrenbestekoa, baina urte askotako lana izan da, eta horrek ematen digu pena handiena». Guztia berreskuratzeko, beraz, «urte pila bat» beharko dela adierazi du. Amustegikoen eta kaltetutako basoen jabeen erreklamazioak Espainiako Gobernura bideratuko dituzte datozen egunetan, baso eta zelaietako kalteak hark finantza ditzan ahalegina egiteko.
Presazko irtenbide bila
Auzotarrek kezkaz jaso zituzten zinegotziaren azalpenak, ezbeharra izan zenetik oztopo ugari izan dituztelako. Olotzatik auzora iristen den ordezko bidea asfaltatuta eta erabilgarri dago dagoeneko. Horrek egunerokotasuna «asko erraztu» dielakoan dira, baina aldapa eta bihurgune askoko bide estua izanik, «arriskutsua» dela ere aipatu du batek baino gehiagok. Dena den, bide alternatiboan kamioi txikiak eta autoek erabil dezakete, eta horren bidez joan etorrian ibiltzeko eta ganaduari pentsua emateko aukera dute. «Zentzu horretan, ez dugu arazorik», zioten herenegun.
Euren egoera arindu bada ere, arduratuta jarraitzen dute askok, kasuak, banan banakoak direlako; baserritar batzuk, esaterako, kezka dute moztuta duten egurra ezin dutelako baserritik eraman; «egur-zalea deika ari zaigu, baina ezin dugu moztutako egurra atera». Horrek baserritarrei «izugarrizko kaltea» eragin diezaiekela adierazi zuten bertaratu zirenek, galera ekonomiko handia eta urtetako lana zapuztea eragin diezaikeelako; «egurra luizia gertatu baino lehenago moztu genuen, eta egur-zaleak egurra freskoa dagoenean eraman nahi izaten du, bestela galdu egiten da. 15.000 eta 18.000 mila euro arteko balioa dute ditugun egurrek», zioen Otsolarreko Joxe Zubizarretak.
Izan ere, egurra kamioietan eraman behar izaten dute, baina ordezko bidea, hasiera batean, ez dago halako ibilgailuentzat prestatuta, eta bizilagunek eta udaleko ordezkariek jakin badakite kamioien joan-etorriak errepidea kaltetuko lukeela. Irtenbidea, ordea, «berehalakoa» izan behar duela eskatu zuten baserritarrek; «ezin dugu itxaron errepide nagusia konpondu arte». Hori hala, errepide nagusia «une zehatzetan» irekitzea adostu zuten, egurra eramateko kamioiak pasatzeko aukera izan dezan. Eskaera, orain, aldundiari helaraziko diote.
Lau hilabetetako lana
Bien bitartean, aldundiak aurrera jarraitzen du GI-3172 errepidea konpontzeko lanekin; ur korronteen desbideratzea egiten amaitzen dutenean, harri gogorra non dagoen jakiteko probak egingo dituzte, eta ondoren hasiko dira harri-lubetak egiten. Egoeraren aurrean, urgentziazko lizitazioa egingo dutela aurreratu zuen Gorosabelek, eta horrek prozesua moztuko duela aipatu zuen; hori hala, datozen lau hilabetetan errepide berria egitea aurreikusten dute. Baserritarrek, uztaila hasierako amaituta izatea nahi dute, orduan hasten baita lasto garaia, eta orduan jasotzen baitute ganaduarentzako urte osorako generoa.
Momentuz, ordezko bidea dute erabilgarri auzotarrek; Olotzatik hasten den bide estu eta aldapatsutik egokitu dute Martirieta auzoaren goikalderaino; hain zuzen, errepidearen ezaugarriak direla eta, azken egunetan txirrindulariak dabiltzala salatu zuen auzotar batek, eta horiek arriskuaz ohartarazi zuen; izan ere, honek gogoratu zuen bidea auzotarrentzako «urgentziazko bidea» dela, eta horregatik udalari eskatu zion neurriak hartu ditzala honen inguruan.