Gipuzkoako Ligako jardunaldiak izan dituzte arraunlariek asteburuan

Karkara.eus 2013ko martxoaren 12a

Martxoaren 9an aulki mugikorrekoa izan zuten Orion eta martxoaren 10ean bateletakoa Zumaian

Arraunlariek estropada ugari izan dute beste asteburu batez.

Martxoaren 9an aulki mugikorrekoa izan zuten Orion eta martxoaren 10ean bateletakoa Zumaian

Arraunlariek estropada ugari izan dute beste asteburu batez. Larunbatean, martxoaren 9an, eguerdiko 13:00ean zuten hitzordua Orion Gipuzkoako arraunlariek.

Aulki mugikorreko ligako estropadak ziren jokoan, eta ontzi mordo batek hartu zuten parte, tartean Orio Arraunketa Elkartearen 18: 16 mutilenak eta 8 neskenak. Emaitza txukunak lortu zituzten orokorrean oriotarrek, tartean 6 ontzi lehenak izan ziren helmugan beren kategorian:

– Infantil mutiletan, skiffean
– Infantil nesketan, biko skullean
– Kadete mutiletan, lemazain gabeko laukoan
– Kadete nesketan, biko skullean
– Senior mutiletan, lemazain gabeko bikoan –bigarrena ere Orio izan zen hemen–
– Senior mutiletan, lemazain gabeko laukoan

Igande goizean, berriz, Zumaian jokatu zen Gipuzkoako batelen ligako jardunaldia, goizeko 11:00etan. Han ere hainbat batela eraman zituen Orioko arraun elkarteak. Denetariko emaitzak izan zituzten, ordea, txalupa horietan arraun egin zuten neska-mutilek.

Lehendabiziko estropadan, infantil-kadete neskek garaipena lortu zuten 15 ontziren artean denborarik onena eginda. Ziabogan Hibaikarekin parean ziren arren, helmugan bi segundoko tartea atera zieten oriotarrek ontzi beltzari. Infantil mutilak ez ziren hain ongi ibili eta parte hartu zuten 18 ontzietatik 9. izan ziren.

Kadete mutilek ere irabazi egin zuten, alde handiarekin gainera. Ziabogarako 6 segundo sartzen zizkion Oriok Tolosaldeako batelari eta 10 segundo gerora helmugan bigarren izango zen Hibaikari. Oriotarrek ia 16 segundo eta 23 segundo eta erdiko aldea atera zieten Hibaika eta Tolosaldeari hurrenez hurren. Bigarren ontzia 20. izan zen estropadan.

Jubenil mutilek San Juanek baino 6 segundo behar izan zituzten helmugan, eta, tartean Tolosaldea sartuta, hirugarren izatearekin konformatu behar izan zuten. Bigarren ontzia, berriz, 11. izan zen.

Azkenik, senior neskak 4. izan ziren etxeko estropada aisa irabazi zuten zumaiarrengandik 36 segundora. Mutilak, berriz, bigarren iritsi ziren helmugara. Ziabogarako 9 segundoko tartea zabaldu zuen San Pedroko ontziak, eta helmugan 12 segundoraino egin zuten ihes sanpedrotarrek.

Hemen duzue Zumaiako estropadako irudiekin osatutako bideoa, jmazkue1 YouTubeko kanaletik hartu duguna:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide