Zarautz Uemako kide izango da larunbatetik aurrera

Urola Kostako Hitza 2013ko martxoaren 12a

Ezkerretik eskuinera, Maitane Larrauri Lekeitiko alkatea, Tolosako Ibai Iriarte, Uemako lehendakari Maren Belastegi, Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendi eta Uemako zuzendaritzako kide eta Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalaga.

Uema udalerri euskaldunen mankomunitateak martxoaren 16an, larunbatean, egingo du batzar nagusia Orion. Batzar horretan ohiko gaiez—egindako lanen memoria eta urte berrirako egitasmoak— gain, azken hilabeteetan landu duten hausnarketa prozesuari amaiera emango diote. Era berean, bost udalerri berri onartuko ditu, tartean, Zarautz. 10:00etan izango da batzar nagusia, kultur etxean, eta 12:00etan egingo dute ekitaldi nagusia, toki berean. Uemak Zarautz, Lesaka, Tolosa, Lekeitio eta Munitibarri esker ona adierazi die, eta hartutako konpromisoagatik zoriondu. "Guztion helburua denok elkartuta errazago lortuko dugulakoan, urrats garrantzitsua da Uemarentzat hauenak bezalakoa udalak gugana biltzea", adierazi du mankomunitate horretako lehendakari Maren Berastegik. Larunbatetik aurrera 69 udalek eta 216.000 biztanlek osatuko dute Uema. Horrez gain, behin betiko erabaki hartu ez duten arren, Ueman sartzeko "ate joka" ari diren beste batzuk ere badirela nabarmendu du Belaustegik. "Urratsez urrats lortzen ari gara Uemaren helburu nagusietako bat betetzea: lurgunea zabaltzea". Hasieran udalerri euskaldunen mankomunitatea herri txikiek osatzen zutela gogoratu du, baina orain "agerian" geratu dela herri handiak ere euskaldunak izan daitezkela: "Uemak gaur egun izaera ezberdineko herriak biltzen ditu, eta hori oso aberasgarria da guretzat. Txiki zein handi, euskaraz bizitzeak eta bizitzen jarraitu nahi izateak batzen gaitu; eta Uemak horretan duen esperientzia eta aitzindaritza urratsak egiten jarraitzeko baliatuko dugu", nabarmendu du Uemako lehendakariak. Aurrera begirako ildoak Larunbateko hitzorduan azken hilabeteetan lantzen aritu den hausnarketa prozesuari amaituko dute, aurrerantzean norabide berri bati ekingo diolako. "Hausnarketa luzea izan da, 2011n Uemak 20 urte bete zituenean hasi eta bi urte geroagoko martxoaren 16an bukatu nahi dugu hau. Prozesu osoan Uema barruko zein kanpoko hainbat eragilek hartu du parte. Hausnarketaren ibilbidea parte-hartzailea eta aberasgarria izan da Uema osatzen dugunontzat, eta espero dugu euskaraz bizi nahi dugun guztiontzat ere horrela izango dela", dio Belastegik. Ildo horretatik, proiektua "egia bihurtu dadin" bidelagun izan dituen eragile politiko, instituzional, gizarte eragile zein euskalgintzako kideak gonbidatu dituzte batzar nagusiaren ostean egingo duten ekitaldi instituzionalera. Bertan, udalerri euskaldunen mankomunitateak aurrera begira jorratuko dituen ildo nagusiak aurkeztuko ditu, eta baita datozen hilabeteetan erreferentzia izango den leloa ere. "Ilusioz eta indarrez gainezka ekin diogu Uemaren aro berriari. Kimu berriak ernetzen ari dira euskararentzat, eta gure ardura da kimu horiei hazten laguntzea indartsu lora daitezen eta euskararen kolorez bazterrak jantz ditzaten", adierazi du Uemako lehendakariak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide