Zestoako EAJren ustez, hondakinen mahaia osatzeko asmoa "antzerki hutsa" da

Nerea Uranga 2013ko martxoaren 12a

Zestoako EAJk bosgarren edukiontziaren alde egiten duela esanez, eta atez atekoari ez esaten diola berretsiz oharra kaleratu du. Zestoako EAJren arabera, bosgarren edukiontzia herri osora hedatzearen aldeko apustua egin behar du udalak. Jeltzaleek diote, udalak oraindik behar  adina edukiontzi ez duela zabaldu herrian, "zabor organikoak botatzeko erabiltzen diren bosgarren edukiontzirik edo edukiontzi marroirik ez dute inon jarri. Zergatik?". Zestoako EAJkoen arabera, herrian jende asko dago zaborrak behar bezala bereiztu nahi dituena, "plastikoak plastikoekin edukiontzi horian, beirak beirekin berdean, errefusa urdinean eta organikoak marroian. Herri  garbiago baten aldeko  apustua egiten dugu, baina ez dugu onartzen udaletxetik inongo inposaketarik, zestoar bakoitzak egunez egun zer zabor mota zintzilikatzera behartuko gaituen metodorik. Birziklapena bai, baina atez atekoa ez”. Horren harira gogorarazi dute jeltzaleek,  2012ko apirilean egindako plenoan EAJko lau zinegotziek atez atekoaren aurkako botoa eman zutela.  "Atez ateko bilketa sistema inposatu nahi digute eta joan den ostiralean jakitera eman zituzten datuak inposaketa hori disimulatzeko beste urrats bat besterik ez dira. Atzeko atetik ezarri nahi digute atez ate zaborrak biltzeko modu hau", gaineratu dute. Hondakinen inguruan hausnarketa egiteko mahai bat osatzeko aukera azaldu zuen Udalak, baina hori EAJkoentzako "antzerki hutsa" besterik ez da, "herritarren  haserrea saihesteko eta aurrez hartua duten atez atekoa inposatzeko. Horretarako guztion parte hartzea eskatuz, baina Bildukoek nahi duten bezala". Hori dela eta, Zestoako EAJk ez du parte hartuko mahai horretan. Baina, iazko ekaineko plenoan egin bezala zabor bilketa sistemaren inguruan herri galdeketa egiteko eskatu dute jeltzaleek, "Bilduk  zaborrak biltzeko sistema aldatzeko asmoa duenez, azken erabakia herritarrek izatea herri galdeketa baten bidez. Zergatik zezenketaren kontsulta bai eta zaborren bilketarako ez?".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide