Zestoako Udalak aurreko urtean bildutako hondakinen inguruko datuak plazaratu ditu. 2012an 1.525.431,83 kilo hondakin sortu ziren Zestoan udalaren arabera; biztanle bakoitzeko 417,49 kilo, hain zuzen ere. Leire Etxeberria alkateak «adierazgarritzat» jo ditu datuak, eskualdeko gainontzeko herrietakoak baino altuagoak direlako.
Zestoako Udala, egoeraren berri ematen. (Ane Olaizola/Hitza)
«Zestoan baditu berezitasun geografiko eta industrial batzuk, baina datozen urteetan hondakin gutxiago sortzeko lan egitea izango da erronka. Modu horretan asko aurreztuko genuke», adierazi du. Horrez gain, aurreko urtean hondakinen %26,59 bildu zuten gaika. Horregatik, udalak tasa igotzeko «ahalegina» egin behar duela nabarmendu du. «Gai honek ondorio ekonomiko larriak ditu. Bota dugun errefusagatik 138.000 euro ordaindu dugu, eta honi garraio eta bilketa zerbitzuaren kostua gehitu behar zaio». Izan ere, alkatearen ustez, datuak kezkagarriak dira, eta horrek «udala konpromisoak hartzera behartzen du». «Gogoratu behar da duela urte batzuk erraustegia bertan jartzeko mehatxua jaso zuela udalak, eta herriak ezetz esan ziola proiektuari». Datuak esku artean, Etxeberriak jakinarazi du udalak «hausnarketa prozesu bat» hasiko duela. Hondakinen Mahaia sortuko du datozen egunetan. Udal taldeek eta eragileek osatuko dute, eta hondakin bilketa datuak eta kostu ekonomikoa aztertzea izango du lehen egitekoa.
Zestoako «hondakin sortzaileen» erradiografia egiteko, teknikari bat denda eta ostalaritza guneetatik pasako da. Egitasmoak hondakinen bilketa zerbitzua hobetzen lagunduko duela azpimarratu du Etxeberriak. Horregatik, saltzaileei eta ostalariei laguntzeko eskatu die.