Eguraldi onak lagunduta, jende asko gerturatu zen igandean, martxoaren 10ean, Orioko eskolarteko ibilaldi neurtura.
Goizeko 8:30ean jarri zuten hitzordua Talai Mendi elkartekoek –proba haiek antolatu zuten– eta bi ibilbide izan zituzten aukeran, bata luzeagoa bestea baino, 9,5 kilometro eta 12 kilometro hurrenez hurren.
Bi ibilbideak hasiera berdina zuten, kaskotik barrena San Juan ermitara joan eta handik Itxaspera igo. Gero han bideak banatzen ziren: batzuk zuzenean igo ziren Kukuarrira eta besteak, GR-121a hartuta, Lusarbera joan eta handik egin zuten Kukuarrirako igoera.
Handik Andura jaitsi, San Martindik pasa eta berriz ere plazan bukatzen zen ibilbidea.
Parte hartze altua izan zuen probak 400 haur eta 300 heldu inguru izan baitziren mendi martxan. Antolaketa lanetan, berriz, 25 inguru boluntario ibili ziren.
Probako argazki asko Luis Lizarraldek egin zituen eta bi galeria hauetan ikusi daitezke: hemen bata eta bestea.