Inbertsioak
- Etxeluzea eskuratzea. 76.975 euro.
- Kanpineko bungalowak. 535.000 euro.
- Kanpineko obrak. 115.000 euro.
- Kiroldegiko inbertsioak. 72.839 euro.
- Bide publikoak berritzea. 92.500 euro.
- Argitegia sistema berritzea. 25.000 euro
- Aparkaleku sistema hobetzeko inbertsioa. 30.000 euro.
Orion onartu dituzte 2013ko aurrekontuak. Aurtengoan 7,7 milioi euroko aurrekontua izango du udalak; azken urteetako txikiena, hain zuzen ere. 2011n 10,4 milioi eurokoa izan zen, eta 2012an, berriz, 9,2 milioikoa. Beraz, iaz baino ia 1,5 milioi gutxiago izango du aurten udalak. Egungo egoera sozio-ekonomikoa kontuan hartuta, murrizketek herritarrengan ahalik eta eragin txikiena» izatea izan da Orioko Udalaren helburua. «Administrazioak oinarrizko zerbitzuetan eta herritarrengan inbertitu behar du. Zerbitzuak ez dira eraikinak, eta herritarrak ez dira zenbakiak. Oinarrizko zerbitzuak bermatu egin behar dira, eta gainontzekoetan oreka bilatu».
EAJk udalbatzarra utzi zuen, alderdi horren ekarpenak ez dituztela kontuan hartu salatuta. Hala, Bildu eta Orain udal taldeek bozkatu eta onartu zituzten aurrekontuak.
Orioko kanpinean bungalowak jartzen 535.000 euro inbertituko ditu udalak
Gastu arrunta orekatzea xede
Agintaldia hasi zutenetik bi eginbehar zehaztu dituztela nabarmendu du Udal Gobernuak. «Gastu arrunta orekatzea eta inbertsio egokiak planteatzea. Horretarako, ordea, murrizketak aplikatu behar dira. Ez dugu onartzen murrizketak oinarrizko zerbitzuetan aplikatzea. Hezkuntza eta ongizatea herritarren eskubideak dira, eta horrela tratatuko ditugu», azaldu zuten udalbatzarrean Udal Gobernuko ordezkariek.
Ildo horretatik, «murrizketek herritarrei ahal den gutxien eragitea da» Udal Gobernuaren asmoa, eta herriko eragileei emandako diru-laguntzetan jarri dute begirada. «Hezkuntza diru-laguntzak %230 igo dira, kiroletako diru-laguntzak %15a igo dira, ongizateko ohiko diru-laguntzak %38a, eta euskara eta kultura diru-laguntzek %7ko jaitsiera izan dute».
Murrizketak eta doiketak
Bestalde, sarrerak eta gastuak orekatzeko hainbat gastu murriztu du udalak. «Udalean sartu ginenetik politikarien ordain-saria %10a jaitsi da». Horretaz gain, Udaleko hainbat gastu arrunt murriztu dituzte. «Udal telefonia gastuak, esaterako, %40 jaitsiko dira, eta ezarrita zegoen hainbat kontratu txiki hautsi da, horretarako diru publikoa baliatzeko asmoz».
Bestetik, herriko azpiegituren mantenu eta garbiketa kostuak «doitu» ditu udalak «zerbitzuak kalitaterik galdu gabe».