Loiolan mendi biatloia antolatu dute larunbaterako

Nerea Uranga 2013ko martxoaren 11

Loiolako San Jose Sari Nagusia biatloia. Asteburuan Azpeitiko Loiola auzoan San Jose jaiak ospatuko dituzte. Larunbaterako (martxoak 16) XII. Mendi Biatloia San Jose Sari Nagusia antolatu du Loiolatxo Elkarteko Festa Batzordeak. 16:30ean hasiko da proba, Loiolako santutegiaren ondotik. Parte-hartzaileek 10 kilometro egin beharko dituzte mendi bizikletaz eta 4 kilometro lasterka. Aurrez izena eman daiteke, 10 euro ordainduta, loiolakojaiak.com webgunean. Baina, egunean bertan ere izena emateko aukera dago, Loiolan bertan 15:00etatik aurrera, orduan ordea 14 euro ordaindu beharko dira. Proba bukatutakoan parte-hartzaile guztientzako merienda eta kamisetak egongo dira Loiolatxo Elkartean. Mendi bizikletaz Loiola inguruetako bost kilometroko ibilbide bati bi itzuli eman beharko dizkiote. Antolatzaileek azaldu dutenez, "ibilbidea polita da eta ibilbidearen %30 bakarrik egiten da errepidez". Bizikletakoa bukatu ondoren, korrika lau kilometro egin beharko dituzte. Proba bukatutakoan bizikletak garbitzeko aukera ere izango dute parte-hartzaileek, horretarako gune bat prestatuko baitute. Dutxa hartu nahi duenak, berriz, Azpeitiko igerilekuan izango du horretarako aukera. LOIOLAKO SAN JOSE JAIETAKO EGITARAUA: Martxoak 15, ostirala. 22:00etan, II. San Jose Mus Txapelketa, Xanadun. Martxoak 16, larunbata. 16:30ean, XII. Biatloia, San Jose Sari Nagusia. Martxoak 17, igandea. Egun osoan, Egurrola aita-semeak trikitilariak. - 11:30ean, zezen txikiak eta poniak. - 13:00etan, asto lasterketa. - 17:30ean, herri kirolak. Harri jasotzen Goenatxo II.a eta Aimar Irigoien. Aizkoran, Aitzol Atutxa eta Floren Nazabal. Martxoak 23, larunbata. 21:00etan, auzo-afaria, Elustondo anai-arrebak trikitilariek alaituta.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide