Gaur zabaldu da Ardantzabideko etxebizitza sustapen berrirako izena emateko epea

Baleike 2013ko martxoaren 11

Ardantzabiden 38 etxebizitza berri eraikiko ditu Sukia S.A. enpresak, Udalak deitutako lehiaketa irabazi eta gero. Hitzarmenaren arabera, lursailen truke, udal pilotalekua eraikitzeko konpromisoa hartu du enpresak.

Ardantzabiden 38 etxebizitza berri eraikiko ditu Sukia S.A. enpresak, Udalak deitutako lehiaketa irabazi eta gero. Hitzarmenaren arabera, lursailen truke, udal pilotalekua eraikitzeko konpromisoa hartu du enpresak. “26 etxebizitza saldu bezain pronto hasiko gara eraikitzen; pilotalekua 18 hilabeteko epean eta etxebizitzak 24 hilabetean”. Azpimarratzekoa da 32 etxebizitzek Udalarekin adostutako prezioa dutela (librea baino merkeagoa). Dagoeneko zabaldu da izena emateko aukera, apirilaren 26ra arte.Etxebizitzen ezaugarriak

Etxebizitza guztiek hiru logela, sukaldea, egongela eta bi bainugela dituzte. Hegoaldera eta iparraldera terraza bana dute, eta bakoitzari trastelekua eta garajea dagokie. Zabalera aldetik ere oso antzekoak dira denak: 85 eta 89 metro koadro erabilgarri artekoak dira. Teilatupeko bi etxebizitzak dira salbuespena: “Goiko solairuan bi etxebizitza zabal eraikiko ditugu, senide ugariko familiengan pentsatuta –haiek izango dute lehentasuna–. 120 metro koadrokoak izango dira, lau logelarekin; terrazak ere oso zabalak izango dira, 75 metro koadro bi aldekoak batuta”. Gainera, gaitasun gutxituko pertsonentzat bereziki prestatutako bi etxebizitza egongo dira.

Etxebizitza-blokaren banaketari dagokionez, beheko solairuan trastelekuak eta merkataritzarako lokalak egongo dira; tarteko solairuan, garajeak; eta, gainean, etxebizitzen lau solairuak. “Trastelekuak etxebizitza loteari lotuta doaz; hau da, etxebizitza aukeratzean, trasteleku jakin bat dagokizu. Baina garajeak ez. Hala egitea erabaki dugu, neurri ezberdineko garajeak daudelako (gogoratu prezioak metroen araberakoak direla), eta premien arabera aukeratu ahal izango da (zozketako ordena errespetatuta). Gainera, etxebizitzak baino zortzi garaje gehiago eraikiko dira, norbaitek bi beharko balitu eta kanpoko norbaitek erosi nahiko balu”.

Prezio hitzartua

Sustapeneko 38 etxebizitzetatik 32k Udalarekin itundutako prezioa dute: zehazki, babes ofizialeko prezioak x 1,5 (metro koadroa). Horrek esan nahi du merkatu librekoak baino merkeagoak direla. “Gaur egun bizi dugun krisi egoeran, herritarrentzat eskuragarri izan daitezkeen prezioak adostu ditugu Udalarekin, eta uste dugu lortu dugun eskaintza oso erakargarria dela. Hiru logelako etxebizitza eros daiteke 234.278 (+BEZ) euroan, garajea eta trastelekua barne”. Merkatu librekoak baino merkeagoak direnez, erosleak saldu nahiko balu, Udalak itaundutako prezioan erosteko aukera izango luke lehen zortzi urteetan. Handik aurrera, merkatu librekoak izango dira.

Zozketa

Ardantzabideko sustapen berri honetan interesa dutenek martxoaren 11tik apirilaren 19ra arte izango dute izena emateko aukera, udaletxean bertan. Eskaera orria aurkeztu beharko da, oinarrizko dokumentazioarekin batera (2011ko errenta aitorpena, NAN…). Oinarrizko eskakizunak betetzen dituztenekin osatuko da behin-behineko zerrenda, eta ondoren helegiteak aurkezteko aukera izango da. Behin betiko zerrenda zehaztu eta maiatz erdialdera zozketa egingo da. Zozketan lortutako postuaren arabera aukeratu ahal izango dira etxebizitza eta garajea (trastelekua etxebizitzaren lote berberean doa). Zozketan zumaiarrek izango dute lehentasuna. Hori bai, zozketako zerrendatik lortuko ez balitz nahikoa erosle, etxebizitzak merkatu librera ateratzeko eskubide izango du Sukiak, betiere Udalaren onespenerakin.

Bete beharreko baldintzak

• 25.000 euroko gutxieneko diru-sarrerak eta 58.500 euroko gehieneko diru-sarrerak.
• Etxebizitzarik ez izatea, autonomia-erkidegoko araudiak ezarritako moduan.
• Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatua izatea.
• Adin nagusikoa edo emantzipatua izatea.

Informazio gehiagorako edo eskaerak aurkezteko Zumaia Lantzenera jo behar dute interesdunek. Bulegoa Zumaiako Udaletxean dago, 3. solairuan eta lan ordutegia 8:00etatik 14:00etara da.

Kontratuak

Zozketan etxebizitza bat eskuratzeko aukera lortzen dutenek erreserbako dokumentu bat sinatuko dute; 9.000 euro (+ % 10 BEZa) ordainduta, aukeratu duten etxebizitza gordetzeko eskubidea eskuratzeko. Behin Sukiak 26 etxebizitza saltzen dituenean, orduan behin betiko kontratua sinatuko da. Une horretan, erosleak etxebizitzaren prezioaren % 20 eta garaje eta trastelekuaren % 40 aurreratuko du. Aldiz, sustapena bertan behera geldituko balitz, erreserbarako jarritako dirua bueltan jasoko luke erosleak, % 4ko interesak gehituta.

Eraikitzeko epeak

Udalarekin adostutako hitzarmenaren arabera, Sukia S.A.k pilotalekua eraikitzeko konpromisoa hartu du. Finantziazioa ziurtatzeko, ezer eraikitzen hasi aurretik 26 etxebizitza saldu behar ditu. Behin hori lortuta –urtebeteko epea du–, hasiko dira pilotalekua eta etxebizitzak eraikitzen. “Gure konpromisoa da pilotalekua 18 hilabetean eraikitzea, eta etxebizitzak 24 hilabeteko epean”.

Informazioa Interneten

Etxebizitza hauen inguruko informazio eta dokumentazio guztia Interneten eskura daiteke, www.ardantzabide.es webgunean: planoak, infografiak, prezioak, izena emateko orria, bete beharreko eskakizunak, ohiko galderen erantzunak…

 

 

 

 

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide