Atzo, martxoaren 7a, Orioko Udalak 2013rako aurrekontuak onartu zituen batzar aretoan egin zen ezohiko bilkuran. Bilkura hasi eta berehala, Jon Redondok hartu zuen hitza eta plenoan ez zutela parte hartuko esan zuen. Bere adierazpenen atzetik, gainontzeko alderdietakoek hartu zuten hitza. Hemen bideoa:
Aurrekontuak onartuta
Murrizketak izango dira aurten eta iaz baino ia 1,5 milioi euro gutxiago izango da aurrekontuan: 7,8 milioi inguru. Bilduko ordezkariek esan zutenez, Udal Gobernuak bi lan hartu ditu legealdia hasi zenetik: gastu arrunta orekatzea eta inbertsio egokiak planteatzea.
Murrizketak aplikatzerako garaian hezkuntzari eta ongizateari eman diete preferentzia eta oinarrizko zerbitzuetan ez dute murrizketarik ezarriko. Protokoloan, telefonian, igogailuen mantenu gastuan, posta zerbitzuan, azpiegituren mantenu eta garbiketan… kostatzen dena neurtu eta doitu egin du Orioko Udalak, hala, ohiko gastuak murriztuz.
Gainontzean, euskara eta kulturako diru-laguntzek soilik jasango dute jaitsiera, %7koa. Hala ere, hezkuntzan –%230–, kirolean –%15– eta ongizatean –%38– igoerak izan dira azken urteotan. Dena dela, Udalak zuzenean egiten dituen ekintzetan, kopurua mantendu dute Bilduk eta Orainek.
Hortik aurrera, gainerako gaiak onartu egin zituzten plenoan izan ziren zazpi zinegotziek –Bildu eta Orainekoek–. 2013ko plantilla organikoa eta lanpostuak onartu zituzten eta martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren ospakizunari buruzko adierazpen instituzionala ere onartu zuten. Laugarren gaian, Orioko Udalari banderen legea betetzea exijitu zaiola-eta adierazpen instituzional bat onartu behar zuten. Baina, bezperan egindako batzordean, onartzea baino irakurtzea eta herritarrei jakinaraztea erabaki zuten hiru alderdietako ordezkariek, Jon Agirresarobe zinegotziak azaldu zuenaren arabera.
Eskari eta galderen tartean, herritar batek bideko segurtasunari buruz duen kezka azaldu zuen eta oriora.com orrialdean dagoen Alkatea zuzenean atalaren funtzionaltasuna zalantzan jarri zituen. Horren aurrean, alkateak herritarraren kezkak eta iradokizunak aurrez aurre lantzeko konpromisoa hartu zuen.
EAJren prentsaurrekoa
Udalbatzarra bukatuta, EAJk prentsaurrekoa deitu zuen Toki Alai batzokian. Han, Jon Redondok, EAJren izenean, honako adierazpenak egin zituen: