Pintxo onena aukeratzen (Aritz Mutiozabal)
Pintxo Astea biribiltzeko, festa gastronomikoa antolatu du Zurekin Zarauzko ostalari elkarteak gaur eguerdian, Musika Plazan. Bertan, aurtengo pintxo onenaren saria zein den erabaki du epaimahaiak, lehiaketara aurkeztutako mokadutxoak dastatu ondoren. Anartean, herritarrek hamaika upategitako ardoa eta parrillan erretako txuleta pintxoa dastatzeko aukera izan dute.
Taberna bakoitzak zuzenean prestatu ditu lehian izan dituen pintxoak, eta azkenean, Argiñano jatetxearen ajoarriero raviolia saltsa bizkaitarrarekin eta bere pil-pilarekin izan da garaile; bigarren postuan Iruña taberna geratu da,patatona-bifasikoarekin; eta hirugarren postuan, Itxas-Lur taberna,hamburgesa galeper arraultza, ahuntz gazta eta ketchup mouselinarekin. Epaimahaia honako kideek osatu dute: Otzarreta harategiko Jose Luis Gesalaga, Otxarreta jatetxeko Joxe Gesalaga, Zurekin elkarteko kide Igor Azpitarte eta Koldo Gomez, eta Zarauzko Udaleko turismo zinegotzi Karmele Alberdik, hain zuzen ere.
Bezeroek pintxo astean ateratako argazkiak Zurekin Zarauzko Ostalari Elkartearen Facebook atarira igo ahal izan dute egunotan, tokian tokiko pintxoak janez. Argazkiak sarera igo dituzten guztien artean 50 euroko kontsumizio txartel baten zozkatuko dute, eta txartel hori Laia Rabentosi egokitu zaio.