EAJko zinegotziek udalbatzarretik alde egin dute protesta gisa

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko martxoaren 8a

Atzo iluntzean Orioko udalbatzarrean ezustekoa eman zuen EAJ udal taldeak, udalbatzarraren hasieran udalbatzar aretoa uztea erabaki baitzuten. "Gugan konfidantza jarri zuten oriotarrei eta oro har herritar orori gure erabakia ulertu dezatela eskatu nahi diegu. Eurei zor diegu gure lana eta eman diguten konfidantza horri inolako errespeturik izaten ari ez direlako udalbatzarrean parte ez hartzea erabaki dugu. EAJri eta gure alderdiak ordezkatzen dituen 1.200 oriotarrei errespetua guztiz galdu zaigulako hartu dugu erabaki gogor hau" azaldu zuen Jon Redondo EAJko bozeramaileak. EAJren iritziz bozkatuena izan den udal taldearen "ekarpenak ez dira kontutan hartu" 2013ko aurrekontua osatzerako orduan. "EAJko zinegotziok herriari emateko zerbait badugula pentsatzen dugulako dihardugu lanean. Oriorentzat onuragarriak izan litezken proposamenak ditugu, baina horiek edozein izanda ere eztabaidatzeko aukerarik ez dugu izan, baztertu egin dituzue. Aurrekontu hau oriotarrengandik boto gehien jaso dituen udal taldeari bizkarra emanez erabakitakoa izango da" salatu zuten. "Alkatetza hartu zenutenean haize berriak ekarriko zenituztela adierazi zenuten, gure formak demokratikoak iruditzen ez zitzaizkizuelako. Baina zein dira haize berri horiek?" Aurrekontua lantzeko "borondaterik ez" EAJko ordezkari Jon Redondok adierazi zuen EAJk udal gobernua zuenean "hilabeteetako lana" izaten zela talde guztiekin aurrekontua lantzeko eta akordioetara iristeko eta "ahalegin hauen ondorioz aurrekontua onartzen" zela. Redondoren iritziz, "Bilduk lan hori 13 egunetan egin nahi izan du eta batzorde bakar bat eginez. Otsailaren 7an arratsaldean karpetan aurrekontuaren fotokopia bat utzi ziguten eta inongo azalpenik eman gabe otsailaren 20an diktaminatu egin nahi zutela adierazi ziguten". Redondok adierazi zuen otsailaren 20ko batzordea EAJk horrela eskatuta aurrekontuaren inguruko zalatzak argitzeko erabili zela eta ekarpenak egin ondoren, diktamena martxoaren 5ean ematea adostu zela. "Diktaminatu behar den aurrekontu definitibo hau batzordea egin baino lau ordu lehenago aurkeztu zitzaigun. Eta hori onartezina da!". EAJ udal taldeak uste du Orioko Udal Gobernuak "partaidetza eta demokrazi itxurak egin dituela eta ekarpenak egiten utzi ondoren, eztabaidarako aukera ez duela eman". Bildu: "Udalbatzarra ikuskizun bihurtu nahi du oposizioak" EAJk osteguneko udalbatzarra utzi izana salatu zuen Orioko Udal Gobernuak. "Udalbatzarrak ikuskizun bihurtu nahi ditu oposizioak. Aurrekontuak lantzeko prozesuan udalbatzarrak bakarrik ez, batzordeak ere ikuskizun bihurtu dira" azaldu zuen Orioko alkate Beñat Solaberrietak. "2013ko udal aurrekontua prestatzeko Bilduk auzoz auzoko bilerak egin zituen azaroan zehar, Orion halakorik egiten den lehen aldia izan da. Herriko eragile eta elkarteekin ere harremanetan jarri gara euren lehentasunak zeintzuk diren jakiteko. Herritarren ekarpenak kontutan hartuz gogoeta orokorra egin dugu ondoren". Bestalde, Orioko Udal Gobernuak azaldu zuen EAJren aurrekontuaren idatzizko proposamena martxoaren 1ean iritsi zitzaiela. "Martxoaren 5ean Ogasun Batzordea egin zen. Bertan EAJri egin zituen bost proposamenak puntuz puntu eztabaidatzeko aukera eskaini zitzaion. Berak ez zuen aurkeztutako proposamenen inguruko eztabaidarik egin nahi izan. Aurrekontuaren ezezko botoa eman zuen eta batzordetik alde egin zuen ordezkariak" azaldu zuten udalbatzarrean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide