-
Eskerrak eman nahi dizkiogu Udalari, azken udalbatzarrean onartu zuen mozioagatik. Mozio ausart eta zuzena iruditzen zaigu, eta inoiz, Zarauzko Udalak ez duela hain garbi hitz egin uste dugu, parekidetasunaren gaiaren gainean.
-
Diskurtso azalekoen gainetik, errora jo zuen eta parekidetasun faltsuaren aurka, jendarte patriarkala gaitzetsi, abortorako eskubidea defendatu eta Eliza Katolikoak urtetan ezarri moral eta jokabideak kritikatu zituen.
-
Eskerrak eman nahi dizkiogu baita ere Zarauzko Udalari, Zarauzko eta Euskal Herriko talde feministek egindako lanaren aitorpena egiten duelako mozioan. Erakundeak oso garrantzitsuak izango dira edozein aldaketetan, eta baita parekidetasunera bidean eman beharko diren urrats handietan ere, baina bide hori, urte askotan lanean aritu diren herri eragileekin egin nahi izatea, urrats erabakiorra iruditzen zaigu.
-
Hau esanik, hitzetan erakutsitako ausardia praktikan erakustera gonbidatzen dugu Zarauzko Udala. Bide handia dugu egiteko, elkarrekin.