Emakumeen lana eta ekarpena aldarrikatzea da 2013ko erronka

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko martxoaren 8a

Gaur Emakumearen Nazioarteko Eguna da, eta horren harira, herritar ugarik ozen aldarrikatuko dute gizonen eta emakumeen arteko parekidetasuna. Dena dela, martxoaren 8an ez ezik, aldarria egunero-egunero praktikan jartzea eta lotsarik gabe lau haizetara zabaltzea ezinbestekoa da berdintasuna lortzeko bidean. Urte osoan zehar ahalegin berezia egiten dute ildo horretan emakume taldeek eta talde feministek, eta 2013rako dituzten asmoak eta helburuak izan dituzte hizpide Hitza-rekin. 2013rako zehaztu dituzten erronkak ez dira berriak. «Zaharrak berri, feminismoan», azaldu dute. Alde batetik, indarkeria sexistaren gaia da Zarauzko Bilgune Feminista lantzen ari denetako bat. «Hilketak salatu eta prebentzio lana egiten ari gara, autodefentsa feministaren lanketarekin. Ildo honetatik, Zarauzko Udaleko Parekidetasun Kontseiluarekin batera, urtean bitan indarkeriaren gaia lantzeko foru herritarra antolatzen hasi gara; gaiaren inguruan hausnartu eta hitz egiteko gune parte-hartzailea». Hurrengoa martxoaren 14ean izango da, 18:00etan, Etxezabalan. «Herritar guztiak gonbidatu nahiko genituzke bertara». Bestetik, egoera sozioekonomikoak emakumeengan duen eraginak ere kezkatzen du Bilgune Feminista. «Egoera ekonomikoa zailtzen ari den heinean, emakumeen egoera asko okertzen ari da. Langabetu kopurua hazten ari da, baina gustura jakingo genuke merkatu ezkutuaren egoeraren berri; zenbat emakume ari diren lanean paperik gabe. Gainera, emakumeen lan askok ez dute errekonozimendurik. Esaterako, prostitutak edota etxeko langileak ere erregimen berezi batek erregulatzen ditu». Azkoitiko Emakumeen Mahaia, bere aldetik, talde jaioberria da. Iaz sortu zen, udalak abiatu zuen tratu txarren kontrako protokoloaren inguruan, baina gizon eta emakumeen berdintasunaren alde lan egiteko interesak aurrera jarraitzea bultzatu du. Hasiberriak izanik, «enbrioi» izatetik «talde indartua» izatera pasatzea du helburu. Eta emakumeek gizartean parte hartze aktiboa izateko, udalari proposamenak helarazi nahi dizkio, elkarlanean aritzeko. Hala, lan dinamika finkoa sortzea eta protokoloa gauzatzen laguntzea dute aurtengo erronka. Malen Etxea Emakume Etorkinen Elkarteak emakume guztien lanaren aitortza finkatu du 2013ko lan ildo bezala. «Krisi ekonomikoaren eraginez emakumeen lan baldintzak asko okertu dira, baina paperik gabeko emakume etorkinena bereziki talde kaltebera da», azaldu du Silvia Carrizok, Malen Etxeako lehendakariak.«Gure helburu nagusia etxeetan interna lan egiten duten paperik gabeko emakume etorkinen egoera gizarteratzea, eta baldintza duinak izan ditzaten lan egitea da. Horretarako, gizartean eta emakume etorkinen artean sentsibilizazio kanpaina abiatu beharra dago, paperik ez izateak ez baitu esan nahi emakume langile horiek lan eskubiderik ez dutenik». Carrizoren iritziz, herritarrek ulertu behar dute «herritarrek emakume etorkin bat interna izateko kontratatzen dutenean, erroldatzea langile horren eskubidea dela. Hori da pertsona horren egoera ikustarazteko lehen urratsa, eta etorkizunean etorkin horren egoera erregulatzeko ezinbesteko baldintza. Horretaz gain, langile horiek irabazi behar duten ordain-sariaren eta lan baldintzen inguruan ere kontzientziatu behar dute herritarrek», azaldu du Carrizok. «Erroko» aldaketak Emakumeek bizi duten lan prekaritatearen aurrean emakume taldeak aspalditik «erroko aldaketak» beharrezkoak direla aldarrikatzen ari dira. Bide horretan, 2013a aldaketa urtea izatea nahi dute eskualdean lanean ari diren emakume taldeek, «eredu zaharrak puskatu eta berriak eraikitzeko urtea alegia». Horrela, ekonomia feminista aldarrikatzen dute, «emakumeontzat duintasuna lortzeko» bide modura. Horretarako Bilgune Feministak eskola feminista jarri du martxan, tartean behin gaiaz hitz egin eta soluzio eta alternatiba errealetan pentsatzen hasteko espazioa. Konpromisorik ez Eskualdeko mugimendu feministak uste du «sistema kapitalista patriarkatuari eskutik helduta» doala beti. «Hau da, kapitalismoak bere antolaketa ekonomiko, politiko eta ideologikoan emakumea bigarren herritar gisa kokatzen du eta emakumeak musutruk egiten duen lanaz, etxeko lanez, zaintza lanez eta hezteko lanez, baliatzen da merkatu produktiboan dirua ateratzeko. Merkatuan gertatzen den ezer ez litzateke posible emakumeek etxeetan eta eremu publikoan egiten duten lana kontutan hartu gabe. Kontua da, emakumeen lan hau ez dagoela ekonomikoki neurtua, ezta gizarte mailan baloratua ere», adierazi dute. Malen Etxeako lehendakari Carrizoren iritziz, emakume askok jasaten dituzten lan baldintza prekarioen aurrean entzungor egiten dute erakunde publikoek. «Erakundeak konpromisoak hartzea ezinbestekoa da, eta emakume langileen lan baldintzak hobetzeko bokazio politikorik ez dago. Interna lan egiten duten paperik gabeko emakume etorkinen kasuan esaterako, administrazioak ez du arazoa argitaratu nahi, dependentzia sistema publikoak dituen gabeziak azaleratuko bailirateke modu horretan». Bilgune Feministaren iritziz, «batzuetan erakunde publikoek abiatzen dituzten berdintasun politiken atzean dagoen interesa ez da benetako aldaketa, azaleko erreformak eta interes politikoak nahasten baitira askotan, itxurakeria, zerbait egiten ari garenaren izenean. Benetako borondatea balego patriarkatuari aurre egiteko, diru eta esfuertzo gehiago beharrezkoak izango lirateke». Emakumeen antolaketa Zarauzko Bilgune Feministako kideek uste dute emakumeak askatasuna lortzeko bidean beharrezkoa izango dela «kapitalismoa eraustea eta beste antolaketa ekonomiko berrietan» pentsatzen hastea. «Pertsonen duintasuna helburu izango dituen eredua behar dugu. Izan ere, kapitalismoak helburutzat dirua eta interes diruzaleak ditu; guk, berriz pertsonen eskubideak bermatuko diren antolaketa ereduan sinesten dugu. Behingoz emakumeen ekarpena eta lana baloratua izango den ereduan alegia». Horretarako «feminismoan eta emakumeon antolaketa» sinesten eta aldarrikatzen dute; «gure artean elkartuz eta indartuz kontzientziak pizten ari gara, zapaltzen gaituenaz ohartarazten, gure bizitzetan nagusitzen den matxismoa identifikatzen. Horrela lortu dira orain oinarrizkoak diren eskubide asko. Feminismoak aldaketa ugari ekarri ditu eta ekarriko ditu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide