Ehuneko 70 birziklatzeko sistema 2014rako abian izatea aurreikusi dute Zarautzen

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko martxoaren 8a

Ezkerretik eskuinera, EHUko ordezkari Mikel Azkune eta Iñigo Lizundia, Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendi eta Herrilan zinegotzi Mikel Goenaga, atzo, aurkezpenean. (Amaia Ventas/Hitza) Martxoaren 12an bilduko da lehenbizikoz Zarautzen Hondakinen Mahaia. Udal Gobernuak «hondakinen beste kudeaketa eredu arduratsuago batean, eta eztabaidan zein kontsentsuan sinesten» duelako antolatu du mahaia. Helburua birziklatzea bultzatzea, eta egungo hiri hondakinen gaikako bilketa tasa hobetzeko sisteman egin beharreko aldaketak adosteko «ahalik eta kohesio handiena» lortzea da.  2014. urte amaierarako %70eko birziklatze tasa lortzea izango da azken xedea. Egun tasa %40 ingurukoa da. Hori lortzeko, ordea, Udal Gobernuak ez du bilketa sistema zehatzik proposatuko. «Horren ordez, helburua beti ipar bezala hartuz, gainontzeko eragile eta udal taldeekin sistema berria adostea izango da», azaldu du Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendik. Bide horretan, «paper garrantzitsua» izango du EHU Euskal Herriko Unibertsitateak. «Oso beharrezkoa da eztabaida honi eta sor daitezkeen proposamenen alde teknikoa lantzea», gaineratu du Illarramendik. Hori horrela, mahai horren koordinazioa eta lanketa teknikoa burutuko du arkitektura sailak. «Hitzarmenaren helburua, beraz, kudeaketa molde berriak ahalbideratuko dituen ikerketak martxan jartzea da», dio. Lan bikoitza, bi lan talde EHUren eginkizuna bikoitza izango denez, bi ikerketa taldek hartuko dute parte Hondakinen Mahaian. Alde batetik, parte-hartzaileek egingo dituzten proposamenen eta ondorengo faseen jarraipen teknikoa egingo du Arkitektura Sailean hiri hondakinen bilketa selektiboaren inguruan lanean ari den taldeak. Beste alde batetik, gizarte partaidetza prozesuetan aditua den talde bat, Parte Hartuz Ikerketa taldea, arduratuko da mahaia koordinatzeaz, antolatzeaz eta, oro har, metodologiaz, besteak beste . «Interesarekin eta ilusioa handiz» hartu du gonbita Iñigo Lizundiak, EHUko irakasleak. «Korapilatua dagoen gai honetan aurrerapauso garrantzitsua izan daiteke. Mahaiaren helburu eta planteamenduarekin guztiz bat gatoz, hasieratik guztiz irekia geratzen delako, helburu bakarrarekin eta baldintzarik gabe». Bestalde, bertan parte hartuko duten guztiei «borondatea eta konpromiso osoa» jartzeko eskatu die Lizundiak. «Argazki orokorra» Lehenbiziko bilera Etxezabalan izango da asteartean, 20:00etatik aurrera. Herriko hainbat eragile—Zurekin eta Murkil taldeak; Itxasmendi, Vista Alegre eta Mitxelenako auzo elkarteak; Birziklapena bai, atez atekoa ez plataforma; Zero Zaborreko talde eragilea; Arkamurka Natur Taldea eta landabuseko ordezkariak — eta udal taldeak deitu dituzte. Lehen batzarrean «argazki orokorra» aterako da; parte-hartzaileak elkar ezagutu, mahaiaren filosofia eta asmoak azaldu eta ekarpenak jasoko dituzte. Bigarren bileran «sakonago» landuko dira proposamenak. EHU arduratuko da ekarpenei forma emango dien metodologia proposatzeaz. Hainbat data finkatu dute. Martxoa eta ekaina bitartean datuak aztertu eta proposamenak landuko dituzte, eta iraila aldera sisteman egin beharreko aldaketak finkatu. Urrian, berriz, adostutako bilketa sistemaren proposamena landuko dute parte hartze prozesu baten bitartez. Abendua eta 2014ko urtarrila bitarterako adostutako bilketa sistema abian jartzea aurreikusi du alkateak. «Hala ere, prozesuak berak markatuko du tempus-a eta nondik nora jo behar dugun», nabarmendu du Lizundiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide