Hainbat enpresa batzordek deituta bihar enpleguaren aldeko manifestazioa egingo da Bilbon, 17:30ean, Jesusen Bihotzetik irtenda. Urola Kostako LABek eta Azpeitiko eta Zestoako udalek atxikimendua eman diote.
LABek sindikatuak afiliatuak eta herritarrak biharko manifestaziora deitu ditu, «langabeziaren inguruko datuek, argi eta garbi, emerjentzia sozialeko egoera baten aurrean gaudela erakusten dute». Lanbideko eta Eustateko datuak eskuartean, Urola Kosta eskualdeko populazio aktiboaren %14,01 lanik gabe dago: 2007ko abenduan 1.885 ziren erregistratutako langabetuak eta aurtengo urtarrilean 4.965. Horiei kontratu partziala dutelako Lanbiden eskaera eginda duten 2.284 pertsona gehituz gero, «datuak are okerragoak» direla nabarmendu du sindikatuak.
Astearte honetan Azpeitiko INEMeko bulegoaren atarian egindako protesta eta manifestazioarko deia (Nerea Uranga/Hitza)
Urola Kostako langabetuen artean, prestazioa jasotzen dutenak 1.587 dira eta subsisioa dutenak 781. Gainontzeko 2.597 langabetuk ez du ezer jasotzen.
Urola Kostako LABen arabera, «enplegu suntsiketak ez du etenik» eta epe ertainera gauzak aldatuko direnik ez du ematen. Sindikatuaren ustez, krisiari aurre egin nahi bazaio kalitatezko enplegua sortu beharra dago, «horrek izan behar du lehentasuna». Baina, gobernuek erabakiak «kapitalaren mesedetan» hartzen dituztela salatu du LAB sindikatuak, «enplegu suntsiketa krisialdiaren aitzakiaz hartzen diren erabaki politikoen ondorioa da».
Azpeitiko eta Zestoako udalek ere manifestazioari atxikimendua eman diote. Azpeitiko Udalean mobilizazioarekin bat egiteko erabakia asteartean hartu zuten plenoan, Bildukoen eta Hamaikabatekoaren aldeko botoekin; EAJkoek kontra bozkatu zuten.