Zarauzko Arazi enpresak posta elektronikoa erabiltzen ikasteko ikastaroa antolatu du. Herrian negozio bat duten edozeinentzat egongo da zuzenduta, besteak beste, ostalari, merkatari dendari eta langile autonomoentzat. Helburua "merkatuan dagoeneko ezinbestekoa" den lan tresnaren inguruko oinarrizko ezagutza izatea da. Horretarako beharrezko aplikazioak erabiltzen irakatsiko zaie parte-hartzaileei, euren negozioan erabil dezaten.
Ikastaroak bi ordu iraungo ditu, eta tailer modukoa izango da. Martxoan zehar bi hitzordu finkatu dituzte, martxoaren 18a eta 20a. Egun bakoitzean goizez eta arratsaldez izango dira tailerrak, 09:00-11:00 bitartean eta 14:00etatik 16:00etara, norberari ondoen datorkionerako. Beraz, lau aukera daude ikastaroa egiteko. Ondorengo gaiak jorratuko dituzte: email kontua sortzea, mezuak bidaltzea, kontaktuak kudeatzea, artxiboak atxikitzea eta pribatutasunaren zaintza. Zarauzko KZ gunean, Zarauzko Gaztelekuan, Zigordia kaleko 34. zenbakian emango dituzte eskolak. Izena, berriz, Turismo Bulegoan eman beharko da, 943-830990 telefono zenbakira deituta. Martxoaren 14an amaituko da izena emateko epea. Ahalik eta azkarren izena ematea gomendatu dute, plazak mugatuak baitira.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide