Zestoako Lili jauregia zaharberritzeko lanak amaitu dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Zestoako Udalak eta hango Ekain Fundazioak, eta hango ondarea eta historia herritarrek ezagutu ditzaten bisitak jasoko dituzte asteburutik aurrera. Gaur goizean egin zuten inaugurazio ekitaldia, eta bertan izan dira Ikerne Badiola Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol diputatua den Ikerne Badiola, eta Leire Etxeberria, Alvaro Villar eta Eneko Etxeberria, Zestoako, Aizarnabazalgo eta Azpeitiko alkateak, hurrenez hurren. Politikariekin batera, Andre Madalenen, Lilin bizi izan zen azken familiako buruaren, eskutik jauregiaren historia eta orduko bizimodua ezagutzeko aukera izan dute han bildutako kazetari eta eragile ugarik; izan ere, antzerki baten bidez transmitituko die bisitariei hango ondarea.
Arazi IKT enpresak izan du antzezlanaren ideia eta kudeaketa, eta Amancay Gaztañaga zestoarrak zuzendu du; Ainhoa Casinak, Leire Egañak, Mariaje Izetak eta Maialen Kordati herritarrek haragiztatuko dute Andre Madalen; hala, bisitariak 1680. urtera egingo du salto, familiak bertan pasa zuen azken egunera; «familiak ez du aurkitu espero zuen goxotasuna Lili jauregian, eta leku erosoago batera doaz bizitzera; etxea utzi behar dute, eta Andre Madaleni sentimendu eta oroitzapen asko etortzen zaikio burura», azaldu dute antolatzaileek. Ordu erdiko istorioaren bidez, Andre Madalenek etxeko txokoak eta bere familiaren kontuak azalduko dizkie bertaratzen direnei, bakoitzak, ondoren, «bere ondorioak» atera ditzan. «Andre Madalen familia matriarkalen eredua izan zen, berak baitzituen harreman sozial eta profesionalak».
Jauregia herritarren esku jarri nahi dute, eta hain zuzen, zestoarrak izango dira jauregia ikusten lehenak; asteburu honetan herritarrentzat soilik eskainiko dituzte saioak, doan. Horretarako, atzoz geroztik txartelak lortu ditzakete zestoarrek, Lili Jauregiko informazio bulegoan. Taldea 20 lagunek osatuko dute gehienez, eta pertsona bakoitzak hiru txartel lortzeko aukera izango du; horretarako, ordea, errolda agiria edo NAN-a erakutsi beharko dute.