Ekonomia, Gizarte Zerbitzuak eta Hezkuntza indartuko dituzte Azpeitiko udal aurrekontuan

Nerea Uranga 2013ko martxoaren 7a

Denon Artean prozesuko herri kontseilua atzo, Sanagustinen (Julene Frantzesena/Uztarria) Aurtengo Denon Artean prozesu parte-hartzailearen herri kontseilua egin zen atzo Sanagustin kulturgunean. Ehun lagunetik gora bildu zen. Prozesuko parte hartzearen balorazioa, aurtengorako udal aurrekontuaren proposamena eta udalak arloz arlo landu asmo dituen egitasmoen berri eman zuten, Leire Etxaniz eta Aritz Epelde zinegotziek eta Eneko Etxeberria alkateak. Aurtengorako udal aurrekontua oraindik "itxi gabe" dagoela azaldu zuen alkateak, baina mahai gainean dutenen proposamenaren arabera 15.964.180 eurokoa da. Hori iazkoarekin alderatuz gero, %2,11 gutxiago da. "Orain bi urte 19 milioi euroko aurrekontua zuen udalak, baina tamalez sarrerak jaisten joan dira urtez urte", azaldu zuen alkateak. Iaz udalaren "optimizazioan" neurri batzuk hartu zituztela gaineratu zuen. Udalak zorra baduela, baina 2007an zuen zorra aurten erdira jaistea lortuko dela esan dute. Horrez gain, 2009ko fondo forala dela eta Azpeitiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin zuen zorra ordaintzea bukatuko dute, aurten 600.000 euro ordainduta. "Ondorioz, udalaren kontuak saneatuta daudela esan dezakegu", azaldu zuen. 2013ko udal aurrekontu proposamenean indartuta edota igoera nabarmenena jaso duten arloak Ekonomia (536.654 euro aurreikusten dituzte eta %467,14ko igoera izango du iazkoarekin alderatuta), Gizarte Zerbitzuak (1.123.120 euro; %21,36 gora), Hezkuntza (440.364 euro; %12,73 gora) eta Gazteria (351.500 euro; %9,33 gora) dira. Igoera proposatzen duten hurrengo arloak dira: Gazteria (351.500 euro; %9,33 gora); Ingurumena (177.100 euro; %2,67 gora) eta Kultura (419.300 euro; %0,55 gora); Euskara iaz bezalaxe proposatzen dute (386.457 euro). Gainontzeko arloetarako diru kopuru gutxiago aurreikustea proposatu dute udaleko arduradunek. Jaitsiera nabarmenena proposatu duten arloak dira: Hirigintza (1.256.700 euro; %24,14ko jaitsiera iazkoarekin alderatuta); Alkatetza (241.000 euro; %21,24 behera); Ogasuna (1.046.532 euro; %19,33 behera); Baserriak (285.000 euro; %11,52 behera); Parekidetasuna (96.500 euro; %10,23 behera); Zerbitzu Orokorrak (3.094.050 euro; %8,27 behera); Festak (498.000 euro; %8,01 behera); Kirolak (740.716 euro; %7,19 behera); eta, Langileria (5.260.986 euro; %3,14 behera). IRIZPIDE NAGUSIAK Aurtengo udal aurrekontuaren proposamenaren irizpide nagusiak, Azpeitiko sustapen ekonomikorako plana egitea, gizarte zerbitzuak indartzea, auzoetako beharrei erantzutea eta bereziki Alde Zaharrean eragitea, udaleko baliabideen optimizazioarekin jarraitu eta bolondres lanean ari diren taldeei diru laguntzak ez murriztea izan dira. "Irizpide nagusi bezala, herriko ekonomia eta lanpostuak jarri dugu. Azpeitiaren egoera ekonomikoa kezkagarria da eta herri bezala sustapen ekonomikorako plan berezia behar du", azaldu zuen atzo alkateak. Herritar asko gaizki pasatzen ari dela egoera ekonomikoagatik eta horregatik gizarte zerbitzuetan eragitea eta indartzea erabaki dute. Nahiz eta udalean sarrerak murriztuta egon, "gauza txikiak egiten" segitu beharra dagoela nabarmendu zuten udaleko arduradunek. Ekonomian Aurtengorako proposatutako egitasmoen artean, udal arduradunen erronka handiena "lanpostu duinak sortzeko apustua egitea" izango da alkateak azaldu zuenez. "Tresna magikorik ez daukagu, daudenak asmatuta daude. Baina, gure apustua ekonomia sozialagoa egitea izango da". Industrian, merkataritzan, turismoan eta nekazaritzan eragiteko asmoa dute, arlo ekonomiko hoiek suspertzeko lan eginez. Herriko eta bailarako beste eragile eta erakundeekin batera horretan lan egingo dutela azaldu zuen alkateak. Urola Erdiko Enplegu Planaren baitan egin duten diagnostikoak "emaitza oso gordinak eta txarrak" azaldu zituela gogorarazi zuen. Hezkuntza eta heziketa alorrean jarduteko udalak eskumenik ez daukala, baina ekintzailetasuna bultzatzeko ahal duena egiteko prest dagoela azpimarratu zuen alkateak.  Horretarako, epe motz batean Udalak berak neurri batzuk hartu nahi ditu: enpresa berriak sortzen dituztenei tasetan hobariak emanez; kooperatibak edota enpresak sortzeko laguntzak emanez; azpeitiar langabetuak kontratatzeko laguntzak emanez; formazioaren aldeko apustua eginez; edota, enpresa haztegietarako udalaren esku dauden lokalak eskainiz. Epe luzerako herriko Plan Estrategikoa ere egin nahi dute udaleko arduradunek, eta Azpeitia 2025 Plan Estrategikoa lantzen hasi nahi dute; aurreneko deia martxoaren 14rako egin dute, 19:00etan, udaletxeko aretoan. "Herriko egoera hain gogorra izanda, epe luzerako ipar bat eduki behar dugu, ahalik eta kontsentsu handienarekin zehaztutako iparra", adierazi zuen alkateak herri kontseiluan. Gizarte Zerbitzuetan Udaletxeko gizarte zerbitzuetara gero eta herritar gehiago doa laguntza eske, horregatik herrian gizarte arloan lanean ari diren hainbat eragilek mahai soziala sortzeko proposamena egin dute Denon Artean prozesuaren baitan egindako arloz arlokako bileren baitan. Iazko azken hiruhilekoan gizarte zerbitzuetan laguntza eskaera %87 igo zela nabarmendu zuen atzo Leire Etxaniz zinegotziak. "Gainera, azken hilabeteotan laguntza eskaera nabarmen hazten ari da". Hala ere, herritarrei udalera laguntza eske jotzea kostatu egiten zaiela adierazi zuen Etxanizek, "horregatik, jendea udaletxera laguntza eskatzera nola bultzatu aztertzea proposatu dugu". Udal diru laguntzak handitu eta ikasleentzako beka sistema bat jartzeko asmoa dute. Eskuhartze psikosoziala ere indartu nahi du Udalak, "zortzi familia hasi ziren zerbitzu hau jasotzen eta gaur egun 50 familia dira", nabarmendu zuen Etxanizek. Etxe kaleratzeen aurrean, desjabetza protokolo bat egitea ere proposatu dute. Etorkinen integraziorako urratsak ere eman nahi dituzte eta baita langabetuentzako baratzak jartzea ere udal lurretan. Ingurumenean Azpeitiko Udalak hondakinen %70 birziklatzeko konpromosia hartuta daukala gogora ekarri zuen Etxanizek. Bide horretan, zenbait ekimen abiatuta daude auzo-konposta esaterako. Dagoeneko Urrestillan konposta komunitarioa egiteko hiru gune daude martxan. Dena den, Urola Erdiko Mankomunitateak emandako Azpeitiko hondakinen birziklatze emaitzak "kaskarrak" direla nabarmendu zuen zinegotziak, eta oposizioarekin batera birziklatze maila hobea lortzeko zein sistema jarri aztertu beharko dutela esan zuen. Lantegietan eta merkataritzan atez ateko zabor bilketa egitea ere aurreikusi du Udalak, "ordaintzen duten zabor tasa kontutan hartuta zerbitzu eskasa jasotzen dutela azaldu dute eta horri erantzuteko zuzeneko bilketa egiten hastea aurreikusten da". Herriko eskolak, euren ikastetxeetan sortzen duten hondakin organikoa eskolan bertan kudeatzeko prest azaldu direla ere nabarmendu zuen. Hirigintzan Azpeitiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra behin-behinekoz onartu duela Udalak eta udararako behin betiko onartuta eta indarrean izatea espero dutela esan zuen Aritz Epelde zinegotziak. "Agintaldia hasi genuenetik gure erronka nagusietako bat hirigintza plan bat izatea da, horrek urteotako arazo bati irtenbidea emango diolako eta etorkizunerako oinarri berria izango delako", azaldu zuen. Hirigintza Planean, herriaren garapena herriaren barruan egitea eta etxebizitza sozialaren aldeko apustua egin dutela gaineratu zuen. Hirigintza arloan proposamen nagusietako bat Alde Zaharra biziberritzea da, merkatal sustapena eta oinezkotzea bultzatuz. Horretan jarduteko, Alde Zaharreko mahaia osatuta eta martxan dagoela azaldu zuen Epeldek. Mahai horretan alde zaharreko bizilagunez gainera, herriko hainbat eragilek hartzen du parte. Hirigintza arloan aurten egitea proposatu duten hainbat obraren berri ere eman zuten: Urrestillan, eliza aurrezko plaza oinezkotzeko eta haur parkea egiteko 110.000 euro aurreikustea proposatu dute; Aratzerrekan, eliza aurreko zorua oinezkotu eta haur parkea egiteko, 60.000; Matxinbentan eliza aurrea oinezkotu eta haur parkea eraikitzeko, 15.000 euro; eta, Lasaon auzo lokalerako 30.000 euro. Horiez gainera, iaz egin gabe gelditutako hainbat obraren proposamenari heltzen diote eta beste berri batzuk ere proposatu dituzte, berrien artean daude: Loiolabide auzoko zorua konpontzeko 60.000 euro; Soreasuko irisgarritasuneko obren bigarren faserako 100.000 euro; Etxebeltz-Izarran haur parkea jartzeko, 20.000 euro; Sanjuandegin Jose Antonio Agirre plaza aurreko errepidea konpontzeko 45.000 euro; eta, Garmendin espaloiak berritu eta berdegune txiki bat egiteko 50.000 euro. Iaztik martxan eta diru laguntza eskaera eginda dauden egitasmoak dira: Foru Ibilbidean, astotegia oinezkotu eta espaloiak zabaltzeko 625.000 euro; Juan XXIII. auzoan bidegorria egin eta espaloia berritzeko 110.000 euro; Pablo VI eta Garate Anaiak auzoen artean igogailua eraikitzeko 240.000 euro; Loiolabide auzoko zorua berritzeko 100.000 euro; Landetan Lau Bide eta Bordatxo artean espaloia egiteko 40.000 euro; eta, Alde Zaharrean, Olazko Andre Mariaren plaza oinezkotu eta komuna egiteko 170.000 euro, Bustintzuri Errebalaren ibai aldeko zelaian aparkalekuak egiteko 20.000 euro, done Jakue kalea oinezkotzeko 180.000 euro eta pibote sistema martxan jartzeko 35.000 euro. Hezkuntzan Herriko ikastetxeei eragiten dioten horretan elkarlanean jardutea proposatu du Udalak. Besteak beste, herriko Curriculumaren inguruko unitate didaktikoan egin; hezkuntza zerbitzuen gida osatu; software librea ikastetxeetara hedatu; eta, belaunaldien arteko harremana sustatzea dira udalak proposatutakoak. Euskaran Udalean euskararen erabilera areagotzeko apustuarekin eta Euskara Biziberritzeko Planarekin segitzea proposatu dute. Kulturan Azpeitiko kultur agenda edo programazio bateratu bat osatzen ahalegintzea da proposatutakoa. Gazterian Gazte lokalen araudia osatzea proposatu dute. "Aurten lnadu beharrekoa dela uste dugu, baina gazteen parte hartzearekin eta konponbide errealak jarriz", azaldu zuen atzo herri kontseiluan Epeldek. Festetan Festetarako iaz baino diru gutxiago aurreikustea proposatu dute, uste dutelako herritarren eta eragileen parte hartzearekin festa onak egiteko aukera dagoela. "Iaz ere festetarako aurrekoetan baino diru gutxiago aurreikusi zen, eta festa onak izan genituen herrian", nabarmendu zuen. Parekidetasunean Berdintasun Planarekin segitzea eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako protokoloa garatzen jarraitzea proposatu dute. Emakumeen Txokoan ere gero eta parte hartze handiagoa dagoela nabarmendu zuen Epeldek. Kirolean Kirol Mahaian elkarlanean segitzea eta elkarteei ahal den neurrian diru laguntzak mantentzea aurreikusi dute. Horrez gain, azpiegiturak hobetzen segitzeko asmoa azaldu dute. DENON ARTEAN PROZESUAN HERRITARREN PARTE HARTZEA Atzoko herri kontseiluan ehun pertsonatik gora izan zen Sanagustinen. Baina, urtarrilaren 14tik otsailaren 16ra bitartean arloz arlo eta auzoz auzo egindako bileretan parte hartu dutenen kopuruaz balorazio positiboa egin du Udalak. Azken batean, udalaren gardentasuna eta herritarrek parte hartzea helburu duen prozesua dela nabarmendu zuten udaleko arduradunek. Arloka 11 bilera egin dituzte eta auzoka 14; guztira 545 herritarrek parte hartuz. Aurten, gainera, bileretara joan ezin zuten herritarrei parte hartzeko aukera eskainiz galdetegia banatu dute edota Internetez betetzeko aukera jarri dute; galdetegia, 81 herritarrek erantzun dute. Udal langileekin ere bildu dira prozesuaren baitan. Parte hartu dutenen perfila aztertuz gero, udal arduradunei atentzioa eman diena 30 urtez azpikoen parte hartze txikia izan da.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide