Petti, hamar urte geroago bueltan

Aritz Mutiozabal 2013ko martxoaren 7a

Petti abeslari eta musikari beratarra zuzenean ariko da Orioko Kalakari tabernan. (Argazkilaria: Joseba Barrenetxea) Akustikoan eta bakarka. Modu horretan agertuko da Juan Luis Perez Mitxelena Petti abeslari eta musikari beratarra Orioko Kalakari tabernara, bihar gauean (ostirala). Orain arteko bere bakarkako diskoetako abestiak joko ditu zuzenean, 21:30etik aurrera, baina baita beste musikari batzuekin partekatutako lanetako piezaren bat edo beste ere. Eta, bide batez, bertsio batzuk joko dituela aurreratu du; esaterako, Ruper Ordorikarenak, Leonard Cohenenak eta zenbait blues musikarienak. Nolanahi ere, ezusteko errepertorioa joko du kontzertuan. «Normalean ez dut kontzertuak txuleta batekin prestatzen. Jotzen dudana gerturatzen den jendearen aldartearen araberakoa izaten da. Entzuleak baldin eta zer-nolako jarrera duen, abesti batzuk edo besteak jo ditzaket. Lekua animatua bada edo lasaia bada, horren araberakoa izaten da saioa ere», aditzera eman du musikariak. Hori horrela, toki batekoak eta bestekoak emanaldiak guztiz ezberdinak izan daitezke. Orioko kontzertuan, beraz, ez du aurreikusi nondik joko duen. Honako hau ez da herrian joko duen lehen aldia, baina azkenekoz duela hamar urte izan zela gogora ekarri du. «Toki berean ariko naiz oraingo honetan ere, baina orduko hartan K2 izena zuen ta­bernak, eta nire lehen bi diskoetako abestiak jo nituen». Harrezkero, denbora asko pasatzeaz gain, ibilbide oparoa osatu du Pettik. Horrenbestez, ilusioz itzuliko dela azaldu du. «Orion beti gustura jotzen dut». Disko berriarekin lanean Azken boladan, bosgarren diskoa izango duenarekin buru-belarri dabil abeslari nafarra. Emanaldia lan berriko abestiren batzuk jotzeko baliatuko duela jakitera eman du. «Leonard Cohenen The partisan abestiaren moldaketa, esaterako, diskoan sartzeko asmoa dut. Abesti originala ingelesez eta frantsesez da, eta nik ingelesez kantatzen duena euskaraz egiten dut, eta frantsesezkoa bere horretan». Abuztuan sartuko da grabazio-estudioan, diskoa urria eta azaroa bitartean argitaratzeko. Une honetan «maketatzen» ari dira. «Aurreko diskoak baino folky-agoa izango da». Hain zuzen ere, orain arteko blues ilunaren ildoa ez du galduko, baina abestiek folk kutsu handiagoa izango dute; nolabait esateko, Arrazoiak bigarren lanarekin izango luke antzekotasun handiagoa. Izan ere, rock gutxiago barneratuko du, eta ho­rren ordez, bestelako musika tresna tradizionalagoak erabiliko ditu; mandolina eta biolina, kasu. Diskoa nola egituratuta egongo den ere aurreratu du: «Erdia akustikoa izango da, eta beste erdia, berriz, elektrikoagoa, baina aurretik grabatutako lanak baino lasaiagoa, agian». Hilaren 24an, Zarautzen Disko berriarekin lanean ari bada ere, ez du kontzertuak eskaintzeko aukerarik galtzen. Martxoa, adibidez, ongi beteta du emanaldiz, eta Oriokoa ez da izango eskualdean eskainiko duen kontzertu bakarra. Hain zuzen ere, Zarauzko Modelo aretoan ariko da hilaren 24an, Dublinen bizi den Adrian Crowley kantautore maltarraren aurretik, Kutxa Kultur Zirkuituan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide