Trenaren Museoko zuzendariak ELAren salaketari erantzun dio

Nerea Uranga 2013ko martxoaren 6a

Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoa. (Nerea Uranga/Hitza) Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoan langileek «lanean tratu txarra» jasotzen dutela salatu berri du ELA sindikatuak. Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiri lan baldintzon berri eman diotela jakinarazi du sindikatuak, lehenbailehen neurriak har ditzala eskatuz. Horrez gain, sindikatuak «museoko zuzendaritzaren jarrera salatzeko», bihar elkarretaratzera deitu du, Azpeitiko museoaren aurrean. Sindikatuak salatu dituen «laneko tratu txarren» baitan, «lehen museoko zuzendaria zena, museoko bulegoetatik urrun eraikitako toki txiki batean kokatu izana» nabarmendu dute. Horrez gain, museoaren harrerako langileek lanean jarduten duten tokian kamera bat jarri izana ere salatu du ELAk. ELAren arabera, langileak Euskotrenetik Burdinbidearen Euskal Museoa Fundaziora subrogatu izanak, museoko langileen «lan baldintzak erabat kaskartzea eta museoak prestigioa galtzea» ekarri du. Hitz egiteko prest UROLA KOSTAKO HITZA Burdinbidearen Euskal Museoa Fundazioko zuzendari Maitane Ostolazarekin jarri da harremanetan, eta honek adierazi duenez, ez dira museoko langile guztiak salaketa horrekin bat egiten dutenak. Baina «beti» hitz egiteko prest egon dela adierazi du zuzendariak berak. Euskal Burdinbidearen Museoa Fundazioko kide berriak (Fundazioan parte hartze handiena Eusko Jaurlaritzak du) ez dira elkartu azken hilabeteotan, eta bilera astelehenean bertan dute. Fundazioaren arduradunak bildu bitartean «ezer» ezin duela egin adierazi du fundazioaren zuzendariak. «Museoko langileek lan hitzarmen propioa dute, eta eskaerak beti fundazioaren patronatura bideratu ditugu». Ostolazaren arabera, patrono berria elkartu bitartean «ezer ez egiteko agindua» dauka. Kontuak aurrena barruan tratatu behar direla uste du Ostolazak: «Ni ezagutzen nautenek badakite pertsona irekia naizena. Ni prest nago langileekin biltzeko. Uste dut autonomia izan behar dugula, bertakook bertakookin bildu eta gauzak konpontzeko. Horrelako salaketak egiten hasi aurretik, kontuak konpontzeko bideak badaude». Edozein arazori irtenbidea bilatzeko prest dagoela dio. «Baina patronatuak eman behar dit ahalmena».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide