Kultur sortzaileen erakusleiho

Aritz Mutiozabal 2013ko martxoaren 6a

Gipuzkoako sortzaile gazteak  sustatzea du helburu Kutxa Kultur 2013 egitasmoak, eta herenegun aurkeztu zuten, Donostian. Bertan, egitasmoko ildoak —Kutxa Kultur Musika, Kutxa Kultur Moda eta Kutxa Kultur Hiria— zeintzuk izango diren azaltzeaz gain, horien guztien inguruko xehetasunak eman zituzten jakitera. Musikaren alorrean, iaz bezalaxe, Kutxa Kultur Festibala antolatu dute Igeldo jolas-parkean, irailaren 6 eta 7rako. Nazioarteko talde entzutetsuek hartuko dute parte jaialdian; besteak beste, Built To Spill, Crystal Figthers, Crocodiles, Bobby Bare JR eta Damien Jurado. Artista entzutetsu­en artean, era berean, Delorean laukote zarauztarra izango da; irailaren 6an joko du, ostiralean. Kutxa Kultur Musikan parte hartuko duten taldeak, aurkezpenean; eskuin goikaldean, Buffallo eta Lou Topet & The 31st Crew. (Estitxu Zabala / Irutxuloko Hitza) Festibaleko karteldegia osatze aldera, lehiaketa egin zuten Gipuzkoako musika taldeen artean, etaaurkeztutakoen artean hamaika hautatu dituzte. Hautatutako taldeak heregungo agerraldian izan ziren, eta, horien artean, Zarauzko bi talde daude: Lou Topet & The 31st Crew eta Buffalo. Hamaika talde horiek bina emanaldi egingo dituzte; Kutxa Kultur Festibalean ez ezik, Kutxa Kultur Hirian joko dute ekainean eta irailean. Horrez gain, horietako hiru taldek emanaldi bat gehiago emateko aukera izango dute, Donostiako Jazzaldian, Loiola Kaleko Musika Egunean eta Irun Rock jaialdian. Uda sasoiko kontzertuen zain geratu gabe, Lou Topet & The 31st Crew taldeak aurrera darrai zuzenekoekin. Euskalduna tabernan, Kafe Torero kultur ekimenean estreinatu ondoren, berriz joko du Zarautzen ostiral iluntzean. Emanaldia Barley tabernan izango da, 22:30etik aurrera. Julieta Venegas, Getarian Horrez gain, Kutxa Kultur Zirkuitua musika zirkuituak aurrera darrai, eta, ostiral honetan, Julieta Venegas ariko da Cristobal Balenciaga Museoan, Getarian. Los momentos izeneko diskoaren aurkezpen-biran etorriko da abeslari mexikarra. Lan berria iaz grabatu zuen Mexiko Hirian, Yamil Rezc ekoizlearekin elkarlanean, eta estilo freskoa eman nahi izan dio, elektro-pop kutsuarekin. Emanaldia 21:00etan hasiko da, eta haren aurretik Napoka Iria elgoibartarrek joko dute. Sarrerak 20 eurotan jarri dituzte salgai, eta kutxasarrerak.net webgunean eros daitezke. Kontzertuko edukiera handitu egingo dutela adierazi dute antolatzaileek. Hasiera batean 800 lagunetara mugatu zuten tokia, baina sarrerak berehala saldu zirela ikusirik, ekitaldia berregituratu eta 1.400 lagunentzako zabaldu dute. Moda desfilea Julieta Venegasen kontzertua, nolanahi ere, ez da izango Getariako Balentziaga Museoak eta Kutxa Kultur 2013 egitasmoak elkarlanean antolatuko duten ekitaldi bakarra izango. Museoaren izaerarekin bat eginda, apirilaren 6an Kutxa Kultur Moda 2012n saritutako diseinatzaileen lanak ikusteko aukera izango da. Diseinatzaileak honako hauek iznago dira: Amaia Zabala, Iraia Oiartzabal, Nerea Lurgain, Roger Blomkvist, Mikel Colas, Q, Numero 9, Maia Apaolaza eta Letitare. Desfile berezia izango da; izan ere, museoaren barnealdean eta lorategietan egingo dute saioa. Gainera, Anni B Sweet taldearen zuzeneko musikak girotuko du desfilea. Ekitaldira gerturatzen direnek Getariako produktuekin prestatutako mokadutxoak dastatzeko aukera izango dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide